Gizartea -

Jon Barcenaren desagertzea

Legution ari dira Gorbeian galdu zen gaztearen bila

Mutilaren diru-zorroa eta giltzak topatu dituzte Legution. Bilaketa-lanak bertan behera geratu dira Gorbeian eta ikerketaren ardura Ertzaintzak hartu du.

Legutio
Legutio
Ertzaintzak Jon Barcenaren bilaketa lanak Legutio ingurura eraman ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintza Legution ari da Gorbeia mendian desagertu zen Jon Barcena gaztearen bila.

Berrizeko mutila abenduaren 30ean galdu zen Gorbeian, Arabako magalean. Lagunekin zihoan, baina ondoezik zegoela eta, buelta ematea erabaki zuen. Lagunek aurrera egin zuten, eta autoa utzi zuten tokira, Muruetara, itzultzean han ez zegoela ikusita, abisua eman zuten.

Abenduaren 31tik ibili dira larrialdi zerbitzuetako profesionalak eta ehunka boluntario bilaketa-lanetan. Gorbeia goitik behera arakatu dute egunotan. Gaur goizean goizetik ere horretan aritu dira, baina dispositiboa bertan behera utzi dute, gaztea Gorbeian ez zegoela egiaztatu dutenean.

Hipotesi guztiak irekita

Ertzaintzak uste du Jon Barcena Legution egon daitekeela; izan ere, haren objektu batzuk topatu dituzte inguru horretan, hala nola, diru-zorroa eta giltzak, EFE albiste-agentziak zabaldu duenez.

Horrela bada, Legutio eta Urrunagako urtegia miatu dituzte arratsaldean. Gorbeia ondoan daude Legutio eta Urrunaga.

EFE agentziaren arabera, lekuko batzuek Durango eta Berriz artean ikusi omen dute mutila.

Zantzu berri guztiak aintzat hartuta, Ertzaintzak hartu du Jon Barcena bilatzeko ardura eta aurrerantzean "ikerketa poliziala" izango da.

Ertzaintzak hipotesi guztiak irekita ditu: galduta dagoela edo nahita desagertu dela.

Bitartean, Ertzaintzak froga bila eta balizko lekukoen testigantzak biltzen jarraitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Zer gertatu da gaur Bizkaian? Araba Euskal mendiak bideoak Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa Desagertutako pertsonak Berriz Durangaldea Gorbeia mendia