Gizartea -

Laneko osasuna

Minbizia amiantoak eragin ziela aitortu die Gizarte-segurantzak bi langileri

Minbiziak jota dauden beharginek Beasaingo CAF enpresan eta Pasaiako Azkorreta eta Mendia ontziolan egiten zuten lan.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Gizarte-segurantzak lanerako ezintasun iraunkorra aitortu die bi behargini, amiantoarekin lan egiteagatik daudelako minbiziak jota.

CCOO sindikatuak jakinarazi duenez, langile horietako batek 68 urte ditu eta 1966an hasi zen Beasaingo CAF konpainian lanean. Erretiroa hartu ostean antzeman zioten amiantoak eragindako gaitza.

Amiantoarekin lan egin duten beharginen zerrendan egon arren, Osakidetzak ez ziola legeak ezarritako jarraipena egin salatu du CCOOk.

Amiantoak eragindako minbiziak jota dagoen beste langileak 57 urte ditu eta Pasaiako Azkorreta eta Mendia ontziolan aritu zen beharrean 15 urtez.

"Urte luze horietan enpresak ez zuen inolako neurririk hartu amiantoari aurre egiteko eta ez zuen langile hori amiantoarekin lan egin zuten beharginen zerrendan sartu", kritikatu du CCOOk.

Segurtasunerako araudia ez betetzeagatik eta amiantoari aurre egiteko prebentziozko neurriak ez hartzeagatik, bi enpresei kalte-ordainak eskatzeko aukera izango dute orain kaltetuek.

CCOOk "eskandalutzat" jo du Osakidetzak gaixotasun profesional horien berri eman ez izana, legediak hala egin behar duela esaten duenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lana berriak Minbizia bideoak CAF bideoak Pasaia Beasain albisteak Albisteak