Gizartea -

Negua

Euri-jasak, elurra eta hotza asteburu honetan, Euskal Herrian

24 ordutan metro karratuko 80 litro baino gehiago bota ditzake Gipuzkoan, eta 60 baino gehiago Bizkaian. Nafarroan elurra kentzeko 103 makina prest dituzte.

Sunbilla (Nafarroa). Argazkia: Josetxo Apeztegia
Sunbilla (Nafarroa). Argazkia: Josetxo Apeztegia
Sunbilla (Nafarroa). Argazkia: Josetxo Apeztegia

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abisu horitik alerta laranjara aldatu du Segurtasun Sailak larunbaterako iragarpena Gipuzkoan; izan ere, metro karratuko 80 litro baino gehiago bota ditzake 24 ordutan. Gainera, elurra bota dezake 700 metrotik gora.

Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak gaur zehaztu duenez, Bizkaian abisu horia izango da euri-jasengatik larunbat honetan. 24 ordutan metro karratuko 60 litro baino gehiago botatzea espero da.

Gipuzkoan euri-jasak ugariagoak eta etengabeak izatea espero da, lurraldearen ekialdean batez ere, eta horregatik alerta laranja ezarri dute. Kantauri isurialde osoan ekaitzak eta txingorra espero dira.

Era berean, 700 metrotik gora elurra egingo du lurralde osoan, larunbat honetan. Baliteke noizean behin elur-kotak behera egitea 500 metro azpitik, ekialdean batez ere. Horrela, 1.000 metrotan 30-70 zentimetroko elur geruza pilatzea aurreikusi dute.

Bestalde, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak olatuengatik abisu horia mantentzen du kostaldean, 7:00etatik 8:00etara eta 19:00etatik 21:00etara, larunbat honetan. Lehen bi miliatan nabigaziorako abisu horia ezarri du 18:00etatik aurrera. Egunean zehar ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak hiru metroko olatuak altxarazi ditzake.

Añarbeko urtegia, itxita

Añarbeko urtegia husten izan dira azken orduetan. Ura Urumea ibaira isuri dute. Operazioa 21:00etan bukatu da.

Husteari utzi ondoren, urtegia itxita mantenduko dute, ibaira “batere” urik isuri gabe, “nahitaezko emari ekologikoa” salbu.

Igandean, Bizkaian eta Gipuzkoan euriagatik abisu horia mantenduko du Segurtasun Sailak, baita barnealdean elurragatik ere. Elur-kotak gora egingo du, 600 metrotik goizaldean 1.000 metrora arratsaldean.

Olatuengatik eta nabigaziorako abisu horia mantentzea espero da.

Elurra kentzeko 103 makina prest, Nafarroan

Garapen Ekonomikorako Kontseilaritzaren Kontserbazio Zerbitzuak elurra kentzeko 103 makina prest ditu Nafarroan. Larunbat goizaldean elur-kotak behera egingo du, 400-500 metrotara, Foru Erkidego osoan.

Igandean hobera egitea espero da. Horrela, elur-kota 1.200-1.300 metrotan kokatuko da, Nafarroako Gobernuak agiri batean jakitera eman duenez.

400-500 metrotik gora elurra botako du Nafarroan, Tutera aldean izan ezik, baina elurbustia egin dezake. Mugairen, kota 200-300 metrotan kokatuko da.

Iruñeko Udalak Elur Plana martxan jarri du elurteei eta euri-jasei aurre egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Denboraleak argazkiak Eguraldia Donostia Gizartea Elurra bideoak Gaurko azken ordukoa