Gizartea -

Gipuzkoa

Adifek nasen arteko igarobidea kenduko du Legazpin, eta lurpeko bat egingo du

28 hilabeteko epean egingo du; lanek 2,5 milioi euroko aurrekontua dute.

Abenduaren 31n, neska bat hil zen Legazpiko tren-geltokian. Argazkia: EiTB.
Abenduaren 31n, neska bat hil zen Legazpiko tren-geltokian. Argazkia: EiTB.
Abenduaren 31n, neska bat hil zen Legazpiko tren-geltokian. Argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adifek Legazpiko (Gipuzkoa) tren-geltokian dagoen nasen arteko igarobidea kenduko du, eta lurpeko bat egingo du, 28 hilabeteko epean, hau da, 2020ko maiatzerako; lanek 2,5 milioi euroko aurrekontua dute.

Legazpiko geralekuan egingo dituzten hobekuntza-lanak izan dituzte hizpide Juan Bravo Adifeko presidenteak eta Koldobike Olabide herriko alkateak, asteazken honetan egindako bileran. Egun batzuk baino ez dira igaro abenduaren 31n 18 urteko neska bat tren-geltokian hil zenetik; aldiriko tren batetik jaitsita, neska hori tren batek harrapatu zuen, hura nasen arteko igarobidea zeharkatzen ari zela.

Proiektuan, gainera, geralekuan egingo duten beste aldaketa bat dago zehaztuta; izan ere, bidaiariek trenaren zain egoteko izango duten gunea metro batzuk mugituko dute. Orain herria hilerriarekin lotzen duen beheko ibilgailu-igarobidetik oso gertu jarriko dute; hala eman du jakitera Adifek, agiri batean.

Gune horren ondoan egingo dute lurpeko igarobide berria; horrek trenaren erabiltzaile guztiei igarotze segurua bermatuko die, Adifen esanetan.

Trenbideen gaineko egungo igarobidea itxiko dute

Lanak egiten dituzten bitartean, trenbideen gaineko egungo igarobidea itxiko dute, eta nasa luzeagoa egingo dute; hain zuzen ere, lotuta egongo da hilerriko ibilgailu-igarobidearekin. Igarobide hori oinezkoentzat izango da, aurrerantzean.

Bidaiariei behar bezalako zerbitzua ematea xede, eta lanak amaitu arteko epean, edozein gorabeherari aurre eginez, mugimendua bermatzeko asmoz, nasen arteko beste igarobide bat egin behar da; egun geltokitik pixka bat urrunago dagoenarekin alderatuta, iparrari begira jarriko dute, eta Trenbideko Segurtasunaren Agentziak galdegiten dituen segurtasun-neurriak izango ditu kontuan.

Hain zuzen, banda adierazgailuak ipiniko dituzte (ukipen-adierazgailuak izango dira, bisualak eta ez labaingarriak); horretaz gain, argiztapena hobetuko dute nasan, eta kartelak jarriko dituzte, debekua gogorarazteko eta ohartarazteko.

Renfek kudeatzen du Legazpiko geltokia, eta Irun-Brinkola aldiriko linean dago; Distantzia Erdiko zerbitzuak ere eskaintzen ditu, eta egunero, batez beste, 565 bidaiari izaten ditu.

Adifek, Legazpin egingo dituen lanez gain, beste hainbat lan egiteari ekingo dio, plan handi baten barnean; horren xedea da segurtasuna bermatzea trenbide-pasaguneetan eta nasen artean, trenbide-sare osoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Albisteak Legazpi azken ordukoa Tren istripuak azken ordukoa Renfe albisteak