Gizartea -

Gipuzkoako erraustegia

Erraustegia eraikitzeko kontratua baliogabetu izanaren aurkako ebazpena berretsi dute

EH Bilduk helegitea jarriko du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurka. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak koalizio soberanistaren kontrako neurriak abiaraztea proposatuko du.

Gipuzkoako erraustegiaren lanak. Artxiboko argazkia: EiTB
Gipuzkoako erraustegiaren lanak. Artxiboko argazkia: EiTB
Gipuzkoako erraustegiaren lanak. Artxiboko argazkia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2013ko azaroaren 25ean, Bilduk, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko asanbladaren bidez, baliorik gabe utzi zuen GHK-k eta aldi baterako enpresa-elkarte batek Zubietako erraustegia eraikitzeko, martxan jartzeko eta ustiatzeko sinatu zuten akordioa. Erraustegiari lotutako lehen proiektua eraikitzeko ituna izan zen. Gerora hainbat aldaketa egin zituzten egitasmoan.

Donostiako epaitegi batek kontratu hura ez zela baliogabetu behar ebatzi zuen eta gaur EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki hori berretsi du, Gipuzkako Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

"EH Bilduri erantzukizunak exijitzeko unea iritsi da, hondakinen kudeaketa negargarria egin zuelako eta  gipuzkoarroi kalte ekonomikoak eragin zizkigulako", kritikatu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatu eta Hondakinen Kontsortzioko presidenteak.

Gauzak horrela, eta Aldundiaren zerbitzu juridikoek ebazpena zorrotz aztertu ostean, EH Bilduren kontrako ekinbideak abiarazteko proposamena egingo duela iragarri du Asensiok.

Bestalde, EH Bilduk jakinarazi du kasazio-helegitea aurkeztuko duela Auzitegi Gorenean, Tolosaldea eta Urolako mankomunitateen bidez.

Koalizioak berretsi egin du Diputazioko eta Kontsortzioko arduradunek "legea % 100ean bete" zutela orduan. Egitasmoa "neurriz kanpokoa" zela iritzita eta "herritarren interesen mesedetan" erabaki zuten kontratu hura baliorik gabe uztea.

"Egungo Foru Gobernuak berak erakutsi du orain hala zela, hasierako proiektuaren dimentsioak murriztuta", erantsi du.

Ebazpena kontrakoa izan arren, "hainbat puntu garrantzitsutan" arrazoia ematen diola zehaztu du EH Bilduk, besteak beste, GHK-k kontratua bertan behera uzteko eskumena zuela aitortu duelako.

"Administrazio publiko baten betebeharra da herritarren interesak azkeneraino defendatzea, batez ere osasunari eta diru publikoari dagokionean", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Epaiketak Gizartea albisteak EH Bildu Nafarroa Eguneko albisteak Eguneko albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak