Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Emakume bat hil du labankadaz ustez haren senarrak Tenerifen

Espainian 2018an izan den lehendabiziko hilketa matxista da. Senarra larri dago erietxean, ihesean zihoala izandako trafiko istripu baten ondorioz; biktimak salatuta zuen.

Emakumeak salaketa jarria zuen, urtarrilaren 8an, hain zuzen. EITBren bideo baten irudia.
Emakumeak salaketa jarria zuen, urtarrilaren 8an, hain zuzen. EITBren bideo baten irudia.
Emakumeak salaketa jarria zuen, urtarrilaren 8an, hain zuzen. EITBren bideo baten irudia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume bat hil du labankadaz ustez haren senarrak Tenerifeko Los Realejos (Espainia) herrian. Poliziaren arabera, gizonezkoa erietxean larri dago, erasoaren ondoren ihesean zihoala auto istripua izan eta gero. Espainian 2018an izan den lehendabiziko hilketa matxista da.

Bikotearen etxebizitzan izan da hilketa. Bizilagunek zaratak entzun ondoren, abisua eman dute, eta Udaltzainek aurkitu dute emakumearen gorpua, etxe barruan, labankadaz josita.

46 urte zituen biktimak, eta Venezuelakoa zen. Ustezko erasotzaileak, berriz, 68 urte ditu, eta Tenerifekoa da.

Bikotearen 9 urteko alaba etxean zegoen erasoa izan zenean. Ikerketa iturrien arabera, aitak ihes egin aurretik, senide baten etxean utzi zuen umea, eta han aurkitu du Poliziak.

Salaketa, urtarrilaren 8an

Duela 12 egun, urtarrilaren 8an, biktimak hilketaren ustezko egilea salatu zuen, genero-indarkeriagatik; hain zuzen ere, hitzezko erasoak salatu zituen. Dena den, adierazi zuen ez zuela babes-neurririk behar.

Hala eman du jakitera larunbat honetan Guillermo Diaz Guerra Espainiako Gobernuaren ordezkariak: "Polizia Nazionalaren Puerto de la Cruzeko Komisariak salaketa jaso zuen urtarrilaren 8an, genero-indarkeriagatik. Emakumezkoak agenteei esan zien ez zuela behar babes-neurririk, ezta urruntze-agindurik ere", adierazi du. Salaketan hitzezko erasoa baino ez zuen zehaztu.

Datuak kontuan izanik, kasua arrisku txikikotzat jo zuten; "dena den", gehitu du, "bi egunen buruan, epaiketa azkarra egin zen; zaintzako epaileak artxibatu zuen kasua".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Delituak azken ordukoa Espainia bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Mundu matxista Kanariak albisteak