Gizartea -
ZIRKULAZIO ISTRIPUA
Bi gidari hil dira Galdakaon autobus batek eta kamioi batek aurrez aurre talka eginda
Hildakoak 31 urteko autobus gidari bilbotarra eta 41 urteko kamioilaria dira. Ezbeharra 06:05ean gertatu da N-240 errepidean. Istripuaren ondorioz, errepidea erabat itxi dute bi norabideetan.
EITB.EUS
Bi gidari hil dira gaur goizean N-240 errepidean, Galdakaon, kamioi batek eta Bizkaibus konpainiako autobus batek aurrez aurre talka eginda, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Autobus gidariak 31 urte zituen eta Bilbokoa zen; kamioilariak, berriz, 41 urte zituen eta Mena haranean (Burgos) bizi zen, baina jaiotzez bizkaitarra zen.
Ezbeharra 06:05ean gertatu da, N-240 errepideko 55. kilometroan, Galdakao parean.
Autobus gidaria eta kamioi gidaria harrapatuta gelditu dira, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan dituzte, baina bertan hil dira.
Bizkaibus konpainiaren ibilgailua San Migel - Basauri - Bilbo (Begoñatik) linearen goizeko zerbitzua hastekoa zen, eta Bilboko Bailen kalera zihoan. Ondorioz, istripua gertatu denean, ez zegoen bidaiaririk autobus barruan.
Istripua izan duen autobusa. Argazkia: Iker Salgado.
Istripua izan duen kamioia. Argazkia: Iker Salgado
Errepidea erabat itxi behar izan dute bi norabideetan, eta, bitartean, Zornotzatik bideratu dute trafikoa. Bi ibilgailuak erretiratu dituzte jada, eta bidea garbitzen ari dira. Istripuak auto-ilara luzeak eragin ditu. 12:45ean berriro ireki dute errepidea.
Bestalde, AP-8 autobiderako sarbidea ere zaindu dute, eta Galdakaoko ospitalera zihoazen ibilgailuei ematen diete lehentasuna.