Gizartea -

Minbiziaren aurkako Eguna

Minbiziaren diagnostiko berrien % 61 65 urtetik gorako pertsonenak dira

Kasu berri horien % 4, aldiz, 39 urtetik beherakoenak dira, Minbiziaren Behatokiaren arabera; igande honetan izango da gaixotasun horren aurkako Mundu Eguna.

Bularreko minbiziak du eragin handiena emakumezkoetan. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartua.
Bularreko minbiziak du eragin handiena emakumezkoetan. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartua.
Bularreko minbiziak du eragin handiena emakumezkoetan. Argazkia: EiTBren bideo batetik hartua.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Minbiziari dagokionez, Estatuko diagnostiko berrien % 61 65 urtetik gorako pertsonenak dira, bai emakumezkoetan baita gizonezkoetan ere; kasu berri horien % 4, berriz, 39 urtetik beherakoenak dira. Hala dio Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak bultzatutako Minbiziaren Behatokiak; datuak gaixotasun horren aurkako Mundu Egunaren atarian argitaratu dituzte, igande honetan baita jardunaldi hori.

Aipatutako Behatokia informazio-, truke-, ezagutza- eta lankidetza-gunea da; minbiziari buruzko estatistikak jasotzeko erreferentea da, eta, besteak beste, eraginari buruzko datuak biltzen ditu, bai eta prebalentziari buruzkoak, biziraupenari buruzkoak eta hilkortasunari buruzkoak ere.

Horren arabera, 2017an, Estatuan 228.482 minbizi-kasu berri diagnostikatu zituzten, larruaren minbizia kontuan izan gabe (melanoma, aldiz, zenbatuta dago). % 60 gizonezkoetan diagnostikatu zituzten (137.234), eta % 40, aldiz, emakumezkoetan.

Minbiziaren diagnostikoak gero et ugariagoak izan dira azken bost urteotan; 2013an, 218.121 kasu izan ziren; 2014an, 219.769; 2015ean, 222.549; eta 2016an, 225.549.

Eraginaren 2035erako aurreikuspena

Mediku Onkologiaren Espainiako Elkarteak astelehenean emandako prentsaurreko batean esan zutenez, 2035erako, Estatuan, aurreikuspena da 315.423 kasu berri izatea; mundu-mailan, aldiz, aukera dago 2012an izandako 14 milioietatik 24 milioietara igarotzeko, aipatutako 2035erako.

Behatokiak azaldu du minbiziak bereziki adineko pertsonei eragiten diela; emakumezkoetan zein gizonezkoetan, eragin-tasak handiagoak direla, adinak aurrera egin ahala. 50 urteetatik gora, nabarmen handiagoa da gaixotasunaren eragina.

Minbizi-motez hitz eginda, koloneko eta ondesteko minbizia da hedatuena (% 15), prostatakoa da bigarrena zerrenda horretan (% 13), biriketakoa dator gero (% 12), eta bularreko minbizia da laugarrena (% 11).

Emakumezkoetan, bularreko minbizia da gehien diagnostikatzen dutena (% 29), eta ondorengoak datoz zerrenda horretan: kolonekoa eta ondestekoa (% 15), biriketakoa (% 6), uterokoa (% 6), eta obulutegikoa (% 4).

Gizonezkoetan, eraginik handiena duena prostatakoa da (% 22), eta, gerora, hauek nabarmentzen dira: biriketakoa (% 17), kolonekoa eta ondestekoa (% 15), gernu-maskurikoa (% 9), eta sabelekoa (% 4).

Prebalentziaren gaineko aurreikuspenak

Behatokiak 2017rako egindako prebalentzia-aurreikuspenen arabera, 579.665 gaixok jarraitzen dute bizirik, egun, diagnostikoa jaso eta bost urtera.

Gero eta handiagoa da biziraupena minbizi-gaixoen artean; egun, diagnostikoa jaso eta bost urtera, gaixoen % 53-55 daude bizirik.

Prebalentzia aztertuta, emakumezkoetan, bularreko minbizia dago zerrendako aurreneko postuan (% 41), kolonekoa eta ondestekoa da bigarrena (% 14), eta uterokoa hirugarrena (% 5).

Gizonezkoetan, prebalentziari dagokionez, prostatako minbizia dago lehenengo tokian (% 31), kolonekoa eta ondestekoa dator gero (% 14), eta gernu-maskurikoa (% 12).

Behatokiak zehazten duenez, 2017an, 109.425 lagun hil ziren minbiziagatik Estatuan; hau da, heriotza guztien % 27. Gizonezkoetan, lehen heriotza-kausa da (67.021), eta emakumezkoetan, bigarrena (42.404).

Hilkortasunari buruzko datuak

Minbiziak eragindako hilkortasun-kasuen % 75 65 urtetik gorako pertsonenak dira.

2017an minbiziaren ondorioz hildako guztiak kontuan izanik, horietako 56.496k 75 urte edo gehiago zituzten; 13.747k, 70-74 urte zituzten; 11.835ek, 65-69; 9.499k, 60-64; eta 7.825ek, 55-59.

Hauexek dira minbizirik hilgarrienak: biriketakoa, kolonekoa eta ondestekoa, pankreakoa eta bularrekoa. Hilkortasunak gorakada izan du azken bost urteotan; 2014an, 105.633 lagun hil ziren; 2015ean, 106.572; 2016an, 108.207. 2013an, 2014an baino pixka bat handiagoa izan zen kopurua: 106.535 lagun zendu ziren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia albisteak Minbizia argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Medikuntza albisteak