Gizartea -

Eguraldia Euskadin

Alerta bertan behera utzi eta abisu horia aktibatu dute larunbatera arte elurragatik

Halaber, ostegun eta ostiralean, abisu horia egongo da indarrean muturreko tenperatura baxuak izateko eta izotza egiteko arriskuagatik.

Gasteizko Olarizuko parkea elurpean. Argazkia: EFE.
Gasteizko Olarizuko parkea elurpean.
Elurra kota baxuetan da Euskadin, baina oraindik ez da itsas mailara iritsi

1:52

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak barnealdean elurragatik ezarrita zuen alerta laranja bertan behera utzi eta abisu horira ezarri du, eta larunbatera arte izango du aktibatuta.

Euskalmeten iragarpenaren arabera, ostegun honetan negu gorriko eguraldia espero da: hotza izango da nagusi, eta elurraren maila 100-300 metroraino jaitsiko da. Dena dela, egunak aurrera egin ahala, atertzera egingo du. Elurragatik ezarritako alerta 12:00ak arte egongo da indarrean (arratsaldean, 500-600 metrora egongo da elur-kota). Aurreikusitako lodierak, nolanahi ere, handiagoak izango dira: 5-25 cm 1.000 metrora, 2-15 cm 600 metrora eta 0-8 cm 200 metrora.

Halaber, ostegun honetan, abisu horia izango da indarrean 21:00etatik 24:00etara, muturreko tenperatura baxuak izateko eta izotza egiteko arriskuagatik. Izotz txikia egingo du, oro har; izotz handia, berriz, barnealdeko zenbait tokitan.

Ostiralean, abisu horia izango da barnealdean 12:00etatik 24:00etara elurragatik. Goizean, elur-kota 500-600 metroan egongo da; egunaren erdiko orduetan, 800-1.000 metrora igoko da, eta behera egingo du egunaren bigarren partean, eta 200-400 metroan geratuko da egunaren azken orduetan. Goizetik aurrera, prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago eta ugariago isurialde atlantikoan. Aurreikusitako lodierak: 5-20 cm 1.000 metrora, 2-10 cm 600 metrora, 0-1 cm 200 metrora.

Ostiralean ere, muturreko tenperatura baxuak eta izotza egiteko arriskua dela eta, abisu horia egongo da indarrean 00:00etatik 10:00etara.

Larunbatean, Segurtasun Sailak abisu horia aktibatuko du elurragatik barnealdean 00:00etatik 12:00etara; elur-kota 200-400 metroan egongo da. Prezipitazio txikia egingo du, tarteka ertaina isurialde atlantikoan. Izotz txikia egingo du; handia, berriz, barnealdeko toki batzuetan. Aurreikusitako lodierak: 2-10 cm 1.000 metrora, 0-5 cm 600 metrora eta 0-1 cm 200 metrora.

Igandean, berriz, prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago eta ugariago isurialde atlantikoan eta ekialdean. Elur-kota 1.400 metrora igoko da arratsaldean, eta 900era jaitsiko da gauean. Mendebaldeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan; egunaren bigarren partean, ipar-mendebaldekoa nagusituko da. Tenperatura igo egingo da: gutxi edo nahikoa, minimoak, eta nahikoa edo nabarmen, maximoak. Gauean, izotz txikia egingo du mendi inguruetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAE albisteak Euskal Kostaldea Eguraldia Donostia Gizartea Elurra argazkiak Albisteak