Gizartea -

FUTBOLA

Idiazabal-Elgoibar partidan euskaraz hitz egitea debekatu zien arbitroak jokalariei

Manuel Sarrion Gonzalez epaile andaluziarrak ondoko mehatxua egin zien jokalariei zelaira atera aurretik: 'Norbaitek euskaraz hitz egiten badu, kalera joango da'.

Idiazabalgo futbol-zelaia, gaur. Argazkia: EiTB.
Idiazabalgo futbol-zelaia. Argazkia: EiTB.
Euskal futbolari batzuei euskara erabiltzea debekatu die arbitro batek

1:49

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Idiazabalgo eta Elgoibarko preferente mailako futbol taldeetako jokalariek ezin izan zuten euskara erabili euren artean hitz egiteko atzo, Idiazabalen, elkarren kontra jokatutako partidan.  Manuel Sarrion Gonzalez arbitro andaluziarrak zuzendu zuen partida, eta zelaira atera aurretik ondoko mehatxua egin zien jokalariei: "Norbaitek euskaraz hitz egiten badu, kalera joango da".

Egoera ulergaitz haren aurrean, eta etor zitezkeen zigorren beldur, jokalariek mandatua betetzea erabaki zuten, eta  norgehiagokak iraun zuen 90 minutuetan elkarren artean gazteleraz mintzatu ziren, hizkuntza ezohikoa haietako askoren eguneroko komunikazioan.

Matias Aranburu Idiazabal KE-ko presidentea eta Omar Aizpuru Elgoibar taldeko entrenaitzailea elkarrizketatu dituzte Euskadi Irratian. Aranburuk aitortu du partida bertan behera utzi ez izanaren damua duela. "Erabakirik zuzenena partida bertan behera uztea izango zen, batez ere, epailearen harrokeria ikusita", esan du.  Burutik ere pasa omen zitzaion ez jokatzea, baina "agenda arazoak direla eta", partida horretarako beste data bat jartzeak arazoak sortuko zizkiela pentsatuta, momentuan aurrera jarraitzea erabaki zuten.

Iritzi berekoa da Aizpuru ere. Gertatutakoari behar adinako garrantzia eman ez izanaren damua adierazi du, eta erabaki egokiena partida bertan behera uztea izango zela aitortu du. "Oso larria izan zen. Momentuan hartutako erabakia izan zen jokatzea, baina orain, hotzean pentsatuta eta izan duen oihartzuna ikusita, egoeraren larritasuna ikusten dugu", adierazi du. Arbitroak berak jarritako "lege baten aurrean men" egin zutela gaineratu du.

Aranbururen hitzetan, arbitroak modu zorrotzean esan zien hitz bakar bat ere ez zuela euskaraz entzun nahi, ez zelako "irainak eta bestelakoak" ulertzeko gai izango. Idiazabaldarra saiatu omen zen epailearekin hitz egiten, eta euren hizkuntza euskara zela azaltzen. Baina, alferrik. Epaileak "harro" erantzun ziola esan du, "euskaraz esandako irainak" ez zituela ulertuko.

"Nahigabe ere", norgehiagokan jokalariek tarteka euskaraz hitz egin zutela elkarrekin esan dute bi arduradunek. "Ez gaude ohituta gaztelaniaz hitz egitera, eta ez ginen natural sentitu", zehaztu du Aizpuruk. Hamaika gertakari bizitakoak dira futbol-zelaian, baina halakorik ez zaiela inoiz gertatu esan dute biek.

Erabakiak haserrea eta amorrua eragin zituen futbol taldeetako arduradunen, jokalarien eta zaleen artean, eta dagoeneko aurreratu dute bilera bat egingo dutela datozen orduotan, gertatutakoaren aurrean neurriak hartzeko. Idatzi bat adostuko dute Gipuzkoako Futbol Federazioari eta Arbitroen Batzordeari gertatutakoa azaldu eta euren kexa helarazteko. Besteak beste, Sarrion epaileari dagokion zigorra ezartzeko eskatuko dute.

Neurketa amaitutakoan, Elgoibar taldeko entrenatzaileak twitter sare sozialean agertu zuen bere ezinegona:

Gipuzkoako Aldundiaren gaitzespena

Gipuzkoako Foru Aldundiak onartezintzat jo du atzo Idiazabalgo futbol-zelaian gertatutakoa. "Ofiziala den hizkuntza baten aurrean horrelako mesfidantza eta horrelako aurreiritziak erabiltzea ez zaigu onargarria iruditzen", esan du Denis Itxaso Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol diputatuak.

Aldundiak gertatutakoaren inguruko azalpenak eskatuko dizkiola futbol federazioari aurreratu du Itxasok.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola albisteak Euskara Elgoibar argazkiak Eguneko albisteak