Gizartea -

FUTBOLA

Polemika amaitutzat jo dute Elgoibarrek eta Idiazabalek, euren bertsioa berretsita

Agiri bat kaleratu dute bi futbol taldeek, eta bertan nabarmendu dutenez, ez dute sinatuko 'epailearen hitzak oker ulertu zirela dioen idatzirik'.

Idiazabalgo futbol zelaia. Argazkia: EiTB.
Idiazabalgo futbol zelaia. Argazkia: EiTB.
Idiazabalgo futbol zelaia. Argazkia: EiTB.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elgoibar eta Idiazabal futbol taldeek amaitutzat eman nahi izan dute joan den larunbataz geroztik hautsak harrotu dituen polemika. Horretarako, agiri bat kaleratu dute bi taldeotako zuzendaritzek, eta bertan,  ika-mika amaitu nahi dutela diote, orain arteko bertsioari eutsita; hau da, Manuel Sarrion arbitroak futbol zelaian jokalariei euskaraz hitz egitea debekatu ziela berretsi dute.

Idatzian nabarmendu dutenez, ez dute sinatuko "epailearen hitzak oker ulertu zirela dioen idatzirik". "Gizon horrek oker jokatu zuen eta ez du onartu nahi", gaineratu dute. Bi klub horien hitzetan, "arbitroen kolegioarekin eta AGAF-ekin ezinezkoa" izan da akordio bat lortzea, "erakutsi duten itxikeria dela eta".

Elgoibar eta Idiazabal futbol taldeek "errespetua" azaldu diete arbitroen kolektiboari. "Badakigu arbitratzea ez dela erraza, eta beti defendatuko ditugu epaileak kiroltasunaren aurkako edozein jokabideren aurrean", gaineratu dute.

Bestalde, Gipuzkoako Futbol Federazioari esker ona agertu diote, afera honetan bitartekari lanetan egin duen ahaleginagatik. "Benetan eskertu nahi dugu, baita, Elgoibarko eta Idiazabalgo udalek erakutsi diguten babesa, eta beste horrenbeste egiten dugu modu pribatuan haien babesa azaldu diguten futbol taldeekin", amaitu dute hitzez hitz agiria.

Bi aldeen bertsioak entzun ondoren, lehia batzordeak datorren astean erabakiko du Sarrion epailari neurririk ezarri edo ez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola estatuko azken ordukoa Euskaraz Gipuzkoako albisteak Elgoibar argazkiak Eguneko albisteak Goierri