Gizartea -

Bizkaia

Bilboko emakumeen % 42k ibilbidea aldatu izan du segurtasun eza sentitu duelako

Aldundiak txosten bat egin du, Bilbo Handiko 35 udalerriei hiri-plangintza berraztertzen laguntzeko, generoaren ikuspuntua aintzat hartuta.

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon bizi diren emakumeen % 42k kaleko ibilbidea aldatu izan du segurtasun falta sentitu izan duelako, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumena eta Lurraldea Departamentuak egindako txosten baten arabera.

Emakumeen % 32k segurtasun eza sentitu izan du eguneroko jarduerak egiten dituen eremuan; % 82k, aldiz, esan du bizi den auzoan segurtasuna transmititzen ez dioten gunean badaudela, ordu jakin batzuetan.

Bilbo Metropolitarraren Lurralde Plan Partziala berraztertzeko prozesuan egin dute txostena, eta Bilbo metropoli-eremua osatzen duten 35 udalerrietara igorriko diete, udalerriei hiri-plangintza "berraztertzen laguntzeko, generoaren ikuspuntua aintzat hartuta", esan du.

Ikerketan "puntu beltzak, esaterako, argiztapen ez nahikoa duten oinezkoentzako ibilbideak, tunelak edo ikuspen mugatua duten lurrazpiko pasabideak" kendu ahal izateko aukerak proposatu dituzte.

Vicente Reyes ahaldunaren esanetan, "administrazio publikoek araudi egokia garatu behar dute hirigintzan, genero ikuspuntua" kontuan hartuta.

Telefono bidezko 1.000 dei baino gehiago egin dituzte, 18 eta 70 urte bitarteko emakumeekin hitz egiteko. Gainera, hiru adituren iritzia ere jaso dute eta beste hainbat faktore aintzat hartu dituzte, esterako, erabilitako garraiobide publikoak, eremu publikoaren erabilera, segurtasunaren pertzepzioa eta ekipamenduak.

Guztira, 35 udalerri arautzen ditu planak: Abanto Zierbena, Alonsotegi, Arrankudiaga, Arrigorriaga, Barakaldo, Barrika, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Larrabetzu, Leioa, Lemoiz, Lezama, Loiu, Muskiz, Ortuella, Plentzia, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sondika, Sopela, Trapagaran, Ugao-Miraballes, Urduliz, Zamudio, Zaratamo, Zeberio, Zierbena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Indarkeria matxista Espainian Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gaurko azken orduko albistea