Gizartea -

Gabriel Cruz kasua

Gabriel itota hil zen desagertu zen egunean bertan, autopsiaren arabera

Kasua aztertzen ari diren ikertzaileen ustean, Ana Julia Quezadak bere kabuz jardun zuen.

Gabrielen irudia, gaur, Almeriako Diputazioan. Argazkia: EFE
Gabrielen irudia, gaur, Almeriako Diputazioan. Argazkia: EFE
Gabriel Cruz mutikoa estrangulatuta hil zen

1:31

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gabriel Cruz 8 urteko mutikoari gaur egindako autopsiak baieztatu duenez, itota hil zen desagertu zen egunean bertan, hots, otsailaren 27an.

12 egunez desagertuta egon ostean, haurraren aitaren egungo bikotekidea (Ana Julia Quezada) atxilotu zuten atzo, autoan haren gorpua garraiatzen ari zela, eta gaur egin diote autopsia Almeriako Medikuntza Legaleko Institutuan.

Gorpuari autopsia egin ostean Gabrielen hil-kapera Almeriako Diputazioan jarriko dute, agintariek eta mutikoaren gurasoek hala erabakita.

Hileta elizkizuna, ostera, asteartean 10:30ean egingo da.

Gabrielen hilketagatik atxilotutakoa bere kabuz jardun zen, hipotesi nagusiak dioenez

Gabriel Cruzen kasua ikertzen ari diren polizien hipotesi nagusiaren arabera, Ana Julia Quezada susmagarri nagusi eta biktimaren aitaren bikotekidea bakarrik jardun zen.

Hala adierazi diote Eferi ikerketako iturriek; edonola ere, hipotesi guztiak zabalik daude, baita Quezadak ustez Gabriel hiltzea eragin zuen zergatiari ere.

Atxilotuaren deklarazioa erabakigarria izango da gertatutakoa zehazteko. Otsailaren 27an, umea amamaren etxetik irten zen, antza, bere lehengusuekin jolastera. Hain zuzen, une horretan amama eta Quezada zeuden etxean. Gainera, autopsiaren emaitzak ere erabakigarriak izan daitezke.

Quezadak umearen kamiseta bat topatu zuen, desagertu eta egun batzuetara. Arropa lehor zegoen, aurreko egunetan euria etengabe bota bazuen ere, eta zuhaixka baten gainean aurkitu omen zuen, bilaketa taldeek aurretik arakatu zuten gune batean.

Aurkikuntza horrek agenteen susmo txarra areagotu besterik ez zuen egin, eta atzo atxilotu zuten emakumea Vicarren (Almeria), Gabrielen hilotza maletategian zeramala.

Bestalde, Juan Ignacio Zoido Barne ministroak gogorarazi duenez, kasua sekretupean dago eta, gainera, Guardia Zibilaren ikerketan ez esku-hartzeko eskatu du, eta agenteei zoriondu die, familiari emandako tratuagatik.

Azkenik, zurrumurrurik ez zabaltzea eta Guardia Zibilari lan egiten uztea eskatu du, kasua "erabat argitzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Delituak albisteak Espainia bideoak Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Umeak Krimenak azken ordukoa