Gizartea -

Gasen isurpena

Kamioien isurtzeak manipulatzeko modu berri bat aurkitu dute Euskadin

Sistema berri horrek, softwarearen manipulazioa erabilita, ibilgailu industrial astun guztiek isurpen kutsatzaileak kontrolatzeko derrigorrez eraman beharreko gailua baliogabe uzten du.

Kamioiak Irungo errepidean. Artxiboko argazkia: EiTB.
Kamioiak Irungo errepidean.
Kamioiak Irungo errepidean. Artxiboko argazkia: EiTB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ibilgailu industrial astun guztiek isurpen kutsatzaileak kontrolatzeko derrigorrez eraman beharreko gailua baliogabe uzten duen sistema berri bat antzeman du Ertzaintzak Irunen (Gipuzkoa) gelditutako kamioi batean.

Araudia urratzeko modu berri hori martxoaren 6an hauteman zuten, Gipuzkoako Trafiko Unitateko agenteek ibilgailu astunentzako Irungo baskula batean egindako kontrol batean ibilgailu artikulatu bat gelditu zutenean. Kamioiaren aginte-panelean Adblueren maila markatzen duen orratza "0n" zegoela baina panel indikatzailean ez zegoela inolako abisurik ikusi zuten agenteek.

Adblue dispositiboa garrantzi handikoa da kamioietan, gas kutsatzaileak atmosferara isurtzeak duen eragina arintzeko. Ibilgailuek EURO5 araudia bete behar dute, hau da, ibilgailuak errekuntzan NOX (nitrogeno oxidoak) gasen 300 eta 400 partikula bitartean isur ditzake minutuko ingurumenera, diesel motorren kasuan. Dispositiboa manipulatuz gero, minutuko 1.400 partikula isur ditzake, eta horrekin ingurumenaren arloko Europako araudia urratzen da.

Irunen gelditutako ibilgailua manipulatuta zegoela ikusita, agenteek ibilgailuaren zerbitzu ofizialera eraman zuten tailerreko baliabide teknikoekin azter zezaten. Anomalia hura zergatik gertatzen zen argitzeko hainbat ordu eman eta gero, teknikarien ondorioa izan zen EAS/2 unitatearen (ihes-unitatea) softwarea manipulatuta zegoela eta ibilgailuak Adblue gabe zirkulatzea lortu zuela, horrela motorraren potentzia handiagoa aprobetxatzen zuen eta araudiak onartutakoa baino gas kopuru handiagoa isurtzen zuen.

Adblue osagarria ibilgailuek, industrialek bereziki, ingurumenera NOX gas gutxiago isurtzeko erabiltzen den gehigarri bat da. Kasu honetan, tailerrean bi egun igaro ondoren, teknikariek aldatu egin zuten manipulatutako unitatea, Adblueren zirkuitu osoa, katalizatzailearen sentsore bat eta modulagailua. Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan lehen aldiz hauteman dute metodo hori.

Trafikoko agenteek isuna jarri zioten ibilgailuaren gidariari gasak isurtzeko sistema manipulatzeagatik, eta trailerra ibilgetuta egon zen sistema konpondu arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erdekidegoko Polizia Euskal Autonomia Erkidegoa Irun albisteak gaur Albisteak EAEko kutsadura gaur Merkantzia-garraioari buruzko albisteak