Gizartea -

ISTILUAK SAN MAMESEN

Olympique Marseillako hiru ultra atxilotuak karguekin libre utzi ditu epaileak

Horrela, epaiketa egiten denean dagokion auzitegian aurkeztu beharko dira hiru zaleak, bi frantziar eta belgikar bat.

Olympiqueko zaleak zenbait ertzainekin, San Mamesen. EFE
Olympiqueko zaleak zenbait ertzainekin, San Mamesen. EFE
Olympiqueko zaleak zenbait ertzainekin, San Mamesen. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

San Mameseko istiluengatik atzo atxilotutako Olympique Marseillako hiru ultrak aske utzi ditu epaileak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Hiru atxilotuak epailearen esku jarri dituzte arratsaldean. Epaiketa egiten denean dagokion auzitegian aurkeztu beharko dira hiru zale erradikalak, bi frantziar eta belgikar bat.

Talde frantsesak eta zuri-gorriak Europa Ligako final-zortzirenetako itzulerako partida izan zuten atzo, eta estadioko harmailetan eta pasilloetan istiluak eragin zituzten Olympiqueko jarraitzaileek. Bi segurtasun zaindari zauritu zituzten, horietako bat lepoan. Hiru zale atxilotu zituen Ertzaintzak.

Partida amaitutakoan, Athleticeko jarraitzaile bat hartu zuten atxilo Poza kalean, edukiontziak gurutzatzen harrapatu ostean. Goizaldean utzi dute aske, baina epailearen aurrera joan beharko du deitzen diotenean.

Bestalde, Olympique Marseillako ultren erasoen ondorioz lepoan zauritutako segurtasun zaindaria gaur goizean eraman dute gela batera eta datozen egunotan sendagiria jasoko du.

Basurtuko Ospitaleak 11:00etan emandako parte medikuan jakitera eman duenez, zaindaria gau osoan behaketan egon da eta goizean gelara eraman dute tratamendua emateko.

Bestalde, Basurtuko Ospitaleak atzo eman zio sendagiria eskuan zauritutako beste zaintzaileari.

Erakundeek neurriak eskatu dituzte eta UEFAk espedientea irekiko du

Bestalde, UEFAk jakinarazi du San Mamesen gertatutakoa ikertuko dutela eta Olympique Marseillari espedientea ireki diola.

Goizean, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea UEFAri zuzendu zaio indarkeria erabiltzen duten jarraitzaileak dituzten klubak zigortzeko eta talde horiei etxetik kanpoko partidetarako sarrerarik ez gordetzeko.

"Horrelako gertakariak onartezinak dira Bilbon eta beste edozein hiritan", azpimarratu du.

Gauzak horrela, hartu beharreko neurriak har ditzala exijitu dio Aburtok UEFAri.

Eusko Legebiltzarrak neurriak hartzea eskatu die kirol taldeei, indarkeria babesten duten, jarrera intolerante edo kirolaren kontrako balioak dituzten pertsona edo taldeak bere masa sozialeko parte izan ez daitezen. Zehatz mehatz esanda, sarrerako edota diziplinazko prozeduratan neurri "zehatzak" hartzea aldarrikatu du.

Elkarrekin Podemos eta PPren ekimenez, kirolaren inguruko indarkeria izan dute eztabaidagai Legebiltzarrean. Otsailean Athleticek eta Moskuko Spartak taldeek San Mamesen jokatu zuten Europa Ligako partidaren atarian istilu larriak izan ziren bi taldeetako jarraitzaileen artean, eta Inocencio Alonso ertzaina hil zen, bihotzekoak jota.

Eztabaidaren ondoren, EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako testua aurrera atera da. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos, ostera, abstenitu egin dira. Azken bi talde horiek beste testu bat aurkeztu dute, baina ez dute behar adinako babesik jaso.

Bestalde, Eusko Legebiltzarrak Inocencio Alonso ertzainaren heriotza deitoratu du eta dolumina adierazi die senide, lagun eta lankideei. Halaber, "kirolaren aitzakia erabilita indarkeria erabiltzea" arbuiatu du.

Horrez gain, Legebiltzarrak uste du arazo honi aurre egiteko erakunde publikoen, kluben, federazioen, UEFAren eta Europar Batasunaren arteko elkarlana ezinbestekoa dela.

Bestalde, segurtasun enpresetako sindikatuek ertzainek erabiltzen dituzten bitartekoak eskatu dituzte zinpeko zaindarientzat, hala nola, kaskoak eta labankaden kontrako txalekoak, atzokoa bezalako erasoei aurre egin ahal izateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Athletic Futbola Bilboko azken albisteak San Mames Zelaia