Gizartea -

Donostia

Donostiako Alde Zaharra eta kaia monumentu-multzo izendatuko dituzte

Besteak beste, ondoko eraikinak babestuko dituzte: Santa Maria del Coro basilika, San Vicente eliza, San Telmo museoa, Santa Teresa komentua eta liburutegia.

Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Eneko Goia alkatea. Argazkia: EFE
Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Eneko Goia alkatea. Argazkia: EFE
Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Eneko Goia alkatea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Alde Zaharra eta kaia babesteko egitasmoa aurkeztu dute gaur Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak. Hainbat eraikin, plaza eta kale monumentu-multzo izendatuko dituzte, haien balio historiko, arkitektoniko eta urbanistikoa aintzat hartuta.

Proiektua urte bukaeran onartuko dute behin betiko, dekretu bidez, baina gaur Bingen Zupiria Kultura sailburuak eta Eneko Goia alkateak egitasmoaren xehetasunak azaldu dituzte udal liburutegian egindako agerraldi batean.

Alde Zaharra eta kaia monumentu historikotzat izendatzeko espedientea 1987an hasi zuten eta, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak orain egindako akordioari esker, prozesua aurten gauzatuko da. Euskal Autonomia Erkidegoan 18 herrik jaso dute aitortza hori; Bilbok, adibidez, 1996an eskuratu zuen, eta Gasteizek, 1997an.

Donostia babesteko proiektua hilabete honetan argitaratuko dute EAEko Aldizkari Ofizialean eta ondoren alegazioak aurkezteko epea zabalduko da.

Sei babes-maila aurreikusten ditu, oinarrizkoenetik hasita maila goreneraino. Babes-maila handiena, besteak beste, ondoko eraikinek jasoko dute: Santa Maria del Coro basilikak, San Vicente elizak, San Telmo museoak, Santa Teresa komentuak eta udal liburutegiak (udaletxe zaharra).

Erdi-mailako babesa, berriz, Konstituzio eta Trinitate plazek, Printzipal antzokiak, kaiko ermitak, akuarioak eta itsas museoak jasoko dute.

Alde Zaharreko etxebizitza gehienak oinarrizko babes izendapena izango dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Alde Zaharra Donostia San Telmo Museoa gaur