Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Emakume bati ukituak egin dizkiote Irunen

Ustezko erasotzailea (47 urteko gizonezkoa) atxilotu dute, sexu-abusuen delitua leporatuta, eta epailearen aurrera eraman dute jada.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 47 urteko gizon bat atxilotu zuen astelehenean Irunen, emakume bati kalean ukituak egitea leporatuta. Ustezko erasotzaileari sexu abusu delitua leporatzen diote.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, herritar batek Ertzaintzari deitu zion 22:30ak aldera gizon batek emakume bati kalean ukituak egin zizkiola esanez.

Emakumeak eta lekukoak Ertzaintzari emandako testigantzaren arabera, emakumea txakurra paseatzen ari zen Kolon pasealekuaren inguruan eta, bat-batean, atzetik ipurmasaila ukitu zioten. Buelta eman eta gizonari bere jarrera aurpegiratu zion, eta azken horrek ezer esan gabe ihes egin zuen.

Minutu batzuk geroago Foru kalean zegoela, gizon bera atzetik gerturatu zitzaion emakumeari eta honek oihu egin zuen laguntza eske.

Inguruan zebilen beste pertsona bat ingurura gerturatu zitzaion eta ustezko erasotzaileak ihes egin zuen. Segidan, Ertzaintzari deitu zioten.

Ertzaintzak Donibane kalean aurkitu zuen gizonezkoa, eta agenteak ustezko erasotzailea identifikatzen saiatu zirenean eraso egin zien.

Gizona Irungo ertzain-etxera eraman zuten sexu abusu delitua leporatuta, eta atzo igaro zen epailearen aurretik.

____________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Ertzaintza Tratu txarrak Espainian Albisteak Gipuzkoa Delituak azken ordukoa Gizartea Eguneko albisteak Irun albisteak gaur Gaurko azken ordukoa Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza Matxismoa gaur