Gizartea -

Espazioa

NASAk TESS satelitea jaurti du, 20.000 exoplaneta arakatzeko asmoz

Misioak bi urte iraungo ditu, eta exoplanetotan bizia egoteko baldintzak dauden aztertuko du.

TESS salelitea espazioan, NASAk zabaldutako irudian. Argazkia: NASA TESS
TESS satelitea espazioan. Argazkia: NASA TESS
Planeta berriak aurkitzeko satelitea aireratu du NASAk

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NASA AEBko Aeronautika eta Espazio Agentziak TESS satelitea jaurti du ostegun honetan Cañaveral lurmuturretik (Florida, AEB). Bi urtez espazioan barrena egongo da, eta 20.000 exoplaneta aztertuko ditu.

SpaceX enpresaren Falcon 9 kohetearen barruan bota dute satelitea, Floridan 18:51 zirenean (22:51 GMT). Astelehenean espazioratu behar zuten, baina atzeratu egin zuten misioa.

MIT Massachusetsseko Institutu Teknologikoaren laguntzarekin garatu dute satelitea, 337 milioi dolarreko aurrekontuarekin. Aurreikuspenen arabera, eguzki sistematik at dauden planetak bilatuko ditu, gerora bizia egoteko baldintzak ote dituzten aztertzeko.

"Espero dugu TESSek gure eguzki sistema bakarra edo normala den zehazten lagunduko digula. Planeta eta galaxia oso arraroak daude, mundu akuatikoak, labaz estalitakoak...", adierazi dio Natalia Guerrero MITeko ikerlari eta TESS satelitearen misioan lanean ari den zientzialariak EFE albiste agentziari.

Lurra planetatik 300 argi-urte baino gutxiagora dauden exoplanetak bilatuko ditu TESSek, eta aurrez Kepler teleskopioak bildutako datuak izango ditu oinarri. Keplerrek zortzi urte eman ditu orbitan, eta 20.000 exoplaneta horiek badirela frogatu du.

 

 

Guztira, sateliteak urtebete beharko du "hegoaldeko zeruaren" 13 sekzioen mapa egiteko irudiak hartzeko, eta beste urtebete, "iparraldeko zeruan" beste hainbeste egiteko, NASAk zehaztu duenez.

"Irudi eta datu horiei esker jakin ahalko dugu planeta izarraren gune bizigarrian ote dagoen, hau da, gainazalean ura eta bizia izateko tenperatura egokia ote dituen", azaldu du Guerrerok.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena Nasa Planetei buruzko albisteak gaur