Gizartea -

Parrizidioa Nafarroan

Erriberrin gertatutakoaz ez dago zalantza izpirik, Foruzaingoaren arabera

Ustez, 47 urteko gizonak hil zituen gurasoak eta bere buruaz beste egin zuen gero. Foruzaingoa deklarazioa hartzen ari zaie senide eta lagunei hilketaren zergatiak argitzeko.

Hilketak gertatu ziren tokia, Erriberrin. Argazkia: EFE
Hilketak gertatu ziren tokia, Erriberrin. Argazkia:  EFE
Bi dolu egun Erriberrin atzoko parrizidiogatik

1:23

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Erriberrin hilda agertu ziren adineko senar-emazteen ustezko hilketa parrizidio gisa ikertzen ari da Nafarroako Foruzaingoa. Iturri horren esanetan, "ez dago zalantzarik". Semeak gurasoak hil omen zituen lehenengo, eta bere buruaz beste egin zuen gero, lehen zantzuen arabera.

18:00ak aldera gertatu zen guztia, Erriberriko Tafalla kaleko etxebizitza batean. Ustezko hiltzaileak (47 urteko gizona) 81 eta 72 urteko gurasoak hil omen zituen lehenengo, eta bere buruaz beste egin omen zuen gero. Alzheimerra zuen aitak eta mugitzeko zailtasunak zituen amak.

Foruzaingoaren ikerketaren arabera, ustezko hiltzaileak animaliak hiltzeko kartutxozko pistola bat erabili omen zuen gurasoak hiltzeko eta bere buruaz beste egiteko. Foruzaingoak etxebizitza ikuskatu du eta gertatutakoa argitu nahian ari da. Dena den, horren arabera, ez dago zalantza izpirik gertatutakoaz.

Orain deklarazioa hartzen ari zaie senide eta lagunei, hilketaren zergatiak argitzeko, baina dagoeneko baieztatu dute gurasoek ez dutela inoiz inolako salaketarik jarri semearen kontra.

Hiru hilotzak Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dituzte, autopsia egitera. Hala ere, ustezko hiltzailea hilda dagoenez, kasua artxibatu egingo dela jakinarazi du Foruzaingoak.

Bestalde, Erriberriko Udalak hiru dolu-egun ezarri ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista gaur Nafarroa Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Erriberri albisteak Nafarroako Foruzaingoa Giza hilketak Amak albisteak