Gizartea -

Gertaera

Erriberriko hildakoen familiak jasotako ‘errespetua eta maitasuna’ eskertu ditu

Gizon batek gurasoak hil eta ondoren bere buruaz beste egin zuen. Familiak esker ona adierazi die poliziari, osasun-langileei eta bizilagunei.

Gizon batek gurasoak hil zituen Erriberrin. Artxiboko argazkia: EFE
Gizon batek gurasoak hil zituen Erriberrin. Artxiboko argazkia: EFE
Gizon batek gurasoak hil zituen Erriberrin. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak, osasun-langileek eta bizilagunek zein ezagunek adierazitako "errespetua eta maitasuna" eskertu du larunbat honetan Erriberriko Casanova-Ovejas familiak. Sendi horretako hiru kide hil ziren joan den asteazkean, parrizidio kasu batean.

Ciriaco 47 urteko semeak gurasoak hil zituen haien etxean: Valeriano Casanova (81 urte) eta Pilar Ovejas (72 urte). Alzheimerra zuen batak eta mugitzeko arazoak besteak. Gurasoak hil ostean, bere buruaz beste egin zuen Ciriacok. Emaztea eta alaba bat zituen.

Erriberriko Udalak bi dolu-egun ezarri zituen. Erriberri futbol taldeak ere bost dolu-egun erabaki zituen, hildako bikotearen beste seme bat baita klubeko presidentea. Horrez gain, asteburu honetan partidarik ez jokatzea erabaki zuen.

Orain, familiak oharra kaleratu du "gertatukoaren ostean jasotako tratuagatik betirako esker ona" adierazteko. Era berean, poliziak eta osasun-langileek erakutsitako "errespetua eta maitasuna" goraipatu ditu, "eginbeharretatik eta profesionaltasunetik" harago jokatzeagatik.

Bestalde, jasotako "keinu, besarkada eta mezu" guztiak eskertu ditu familiak, "babestuta" sentitzeaz gain, "indarberritu" egin dituelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Nafarroa Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Erriberri Erailketak Gurasoak albisteak