Gizartea -

Algeciras (Cadiz)

Sei pertsona atxilotu dituzte guardia zibilen kontrako erasoan parte hartu dutelakoan

Horrez gain, beste sei identifikatu dituzte. Bik bakarrik dituzte aurrekariak droga trafikoagatik.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Algecirasen (Cadiz) larunbatean hainbat guardia zibilen kontra izandako erasoa ikertzen jarraitzen du Espainiako Poliziak. Azken orduetan, sei pertsona atxilotu eta beste sei identifikatu dituzte. Bederatzi agente zauritu ziren liskarrean.

Ikerketako iturriek azaldu dutenez, 10 lagun horien artean bik bakarrik dituzte aurrekariak droga trafikoagatik. Gertakariek narkotrafikoarekin zerikusia zutela zabaldu zen hasieran, eta hori egiaztatu nahian dabil Polizia. Egindako ikerketen arabera, baliteke gainerako zortziek droga trafikoarekin harremanik ez izatea.

Juan Ignacio Zoido Barne ministroaren arabera, liskarra "bandalismoa da, kale-indarkeria kasu bat, eta ez du zerikusirik beste gaiekin". Zoidok esan duenez, iskanbila erasotzaileek guardia zibilak zirela jakin baino lehen hasi zen, beraz, ez omen zuen droga-trafikatzaile talde batek antolatu.

Liskarra larunbatean jazo zen, 18:00ak aldera, Algecirasko El Rinconcillo auzoan. Bertako jatetxe batean bazkaldu eta gero, hondartzarantz abiatu ziren zerbitzutik kanpo zeuden bederatzi agente, autoz. Bidean, jaunartze bat ospatzen ari zen pertsona talde bat topatu zuten, eta aurrera egitea galarazi omen zieten.

Agenteek kontatu dutenez, makilak, harriak eta botila hautsiak bota zizkieten. Beldurtzeko asmoz, guardia zibiletako batzuek airera tiro egin zuten.

Espainiako Poliziako agenteak bertaratu ziren egoera kontrolpean hartzera.

Ikerketa zabalik dago oraindik, eta baliteke jende gehiago atxilotzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Espainia Gizartea Albisteak