Gizartea -

KORONABIRUSA

Ikastolek ez dute ezinbesteko ikusten ikasle guztiak ikasgeletara itzultzea

Ikastolen Federazioak hausnarketa hori egin du administrazioek ikasgeletara pixkanaka itzultzeari buruz egindako proposamenaren inguruan.

Ikasgela bat hutsik. Irudia: EFE
Ikasgela bat hutsik
Ikasgela bat hutsik. Irudia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikastolen Elkartearen ustez, "curriculumaren ikuspegitik", "ez da ezinbestekoa ikasle guztiak ikasturte amaierara begira ikasgeletara itzultzea"; izan ere, maila guztietan, oro har, ikasleak zein irakasleak "behar bezala" ari dira lanean gaur egun.

Ikastolen Federazioak ohar batean egin du gogoeta hori, azken egunotako "mezu nahasi eta eztabaidagarrien aurrean" administrazioek ikasgeletara pixkanaka itzultzeari buruz egindako proposamenaren inguruan. Ondorioz, ikastetxe horiek "plangintza eta erabaki propioak" bultzatu dituzte.

Horretarako, "ideiak, argudioak eta proposamenak" plazaratu dituzte idatzi duten dokumentu batean, "36 ikastolen artean egindako etapakako bileretan azaldutako ikuspegi desberdinak eta Ikastolen Zuzendarien Mintegi Nazionalean egindako gogoeta kontuan hartuta".

Ipar Euskal Herriko egoera bestelakoa denez, agiri horren helburua EAEn eta Nafarroan kokatutako ikastolak bideratzea da, "ikasturtearen amaiera diseina dezaten".

Testuinguru horretan, Ikastolen Elkarteak ez du "ezinbesteko" ikusten ikasle guztiak ikasturtea amaitu aurretik ikasgeletara itzultzea; izan ere, "ikasle nagusien kasuan, lana eta jarraitutasuna bermatuta daude, eskola-ohitura berrietara eta ordutegi eta ikaskuntza-prozesuetara egokitu dira" eta "itzulera orokorrak onurak baino arazo gehiago sortuko lituzke".

"Txikienekin eta gazteekin ere lanean ari gara, jarraipena eta proposamenak egiten", dio idatziak, eta bai jotzen du beharrezkotzat "ezohiko ebaluazioari begira errefortzuak eskaintzea" DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. eta 2. mailako ikasleentzat, baita Lanbide Heziketako ikasleentzat ere.

Hain zuzen ere, "Batxilergoko 2. mailako ikasleei selektibitatea prestatzeko saioak eskaintzeko beharra" dagoela egiaztatu du.

"Beste maila batzuetan, ikasturte-amaieraz gozatzeko ekintza puntualak egitea aztertuko da", dokumentuaren arabera, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleen kasuan, "etapa amaiera bat izango dute" eta "egoera bereziak" sortuko dira, eraikinak aldatu, taldeak desegin eta ikastolak aldatuta, adibidez, eta, beraz, "beste ikasturte batzuetan horrelako jarduerak egiteko aukera ere baloratuko da".

Idatzian jaso dutenez, "arreta eta errefortzua behar duten guztiei eskaintza ziurtatu beharko zaie", eta horiek "modu telematikoan edo presentzialean" eskainiko dira, "behar emozionalak eta akademikoak" kontuan hartuta.

Testuak argitu duenez, proposamen horiek "generikoak eta ziklo eta etapa ezberdinetarako baliagarriak dira, baina ikasleen ezaugarrien eta adinaren arabera ulertu behar dira".

Nolanahi ere, "hirugarren ebaluazioari begira, kasu bakar batean ere ez da ezinbestekoa ikasle talde osoa ikastolara itzultzea", eta "laguntza eta arreta eskainiko zaie hala behar duten pertsonei, baliabide telematikoak edo aurrez aurrekoak erabiliz", gaineratu dute.

"DBHko 4. mailan, Batxilergoko 1. eta 2. mailan eta Lanbide Heziketan, aparteko deialdiei dagozkien beharrak identifikatuko dira", azpimarratu dute agirian.

Era berean, prebentzio-planak Osasun eta Hezkuntza sailek zehaztutako neurrien arabera egingo direla eta aurrez aurreko saioei begira ezarriko direla jaso dute bertan.

"Orain arte egin dugunak eta hemendik aurrera egingo dugunak baliagarriak izan behar dute datorren ikasturtea diseinatzeko; abiapuntu gisa ikusten dugu", ondorioztatu dute idatzian.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Umeak Koronabirusa Deseskalatzea