Gizartea -

Jendez hustu dute

Epaitegiak bertan behera utzi du Kukutza gaztetxea eraisteko agindua

Epaileak gatazkako bi aldeak biharko deitu ditu, eta ostiralean erabakiko du eraikin industrial ohia erautsi egiten duten. 17:00etan manifestazioa deitu dute, Ametzola plazan.

Ertzaintzak Kukutza hustu du

01:30

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Epaitegi batek bertan behera utzi du Kukutza gaztetxea eraisteko agindua, izan ere, aintzat hartu du neurri horren kontra Errekaldeko Bizilagunen Elkarteak aurkeztu zuen helegitea eta horri buruzko ebazpena eman arte eraikina ez eraisteko agindua eman du epaitegiak, Euskadi Irratiak jakitera eman duenez.

Epaileak biharko deitu ditu gatazkan dauden bi alderdiak eta ostiralean erabakiko du eraikin industrial ohia erautsi egiten duten edo ez.

Ertzaintzak jendez hustu du Bilboko Kukutza Gaztetxea. Ertzaintzako agenteak eta udaltzainak 05:30 aldera joan dira Errekalde auzora eta bizilagunen eta Gaztetxearen barruan zeudenen protestei eta erresistentziari aurre egiteko, kargatu egin dute eta pilotak bota dituzte bidea irekitzeko. Lekuko batzuen arabera, hainbat dira poliziaren kargak zauritutakoak.

Ertzaintzak 30 inguru pertsona atxilotu eta beste hainbeste identifikatu ditu operazioan. Gainera, atxilotuetako 23 operazioa amaitu den momentuan barruan zeudenak dira, eta komisariara eraman dituzte denak.

Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, Gaztetxearen barruan zeuden lagunak haien kontra oldartu dira ertzainen ibilgailuen kontra harriak jaurtiz eta errepidean kontainerrak jarriz. Horren aurrean, kargatu egin behar izan duela adierazi du Ertzaintzak.

Gaztetxe barruan zegoen pertsona batek Euskadi Irratian hitz egin du zuzenean eta 50 inguru pertsona egon direla azaldu du. Bere esanetan, "luze" jo dezake Ertzaintzaren operazioak. Era berean, Ertzaintza barrura sartzeko eraikina "txikitzen" ariti dela salatu du, "leihoak apurtzen eta fatxada zulatzen" ari zirelako.

Gaztetxeko kideek eraikinaren jabe den Cabisa SA enpresari, Bilboko Udalari eta Herrizaingo Sailari leporatu diote gertatu denaren eta gerta litekeenaren ardura, izan ere, irtenbidea hitz eginez bilatzeko borondatea berretsi dute.

Manifestazioa

Hori dela eta, Kukutzak Errekaldeko Ametzola plazan 17:00etarako deitutako manifestazioan parte hartzeko gonbidapena egin diete herritarrei, "Kukutzak azken hilabeteotan jaso duen elkartasun handia jende olde bilakatzeko eta auzoarentzat horren garrantzitsua den tresna onik ateratzea lortzeko".

"Poliziaren operazio honekin azken hilabeteotako mehatxuak gauzatu dituzte gure proiektua arriskuan jartzeko. Utzita zegoen fabrika bat amets fabrika bihurtu dugu eta partehartze handiarekin kudeatu dugu. Auzoaren eta Kukutzari forma ematen dioten milaka erabiltzaileen gainetik, espekulatzaileen interesak gailendu dira", adierazi dute agiri batean.

Haien esanetan, Kukutza "herritarren partehartze anitzaren eta irekiaren adibide" izan da eta baita "Errekalde auzoko kultura alternatiboaren motore" ere.

"Agerian utzi dute eredu kapitalista neoliberalak herritarren eskubideak eta beharrak mugatzen dituela", gaineratu dute.

Arartekoaren espedientea

Arartekoak informazio espedientea irekitzea erabaki du Ertzaintzak Kukutza husteko izan duen jarrera ikertzeko.

Erakundeak azaldu duenez, dei ugari jaso ditu Arartekoaren Bulegoak Ertzaintzaren jarrera oldarkorra salatuz eta horregatik erabaki dute espedientea irekitzea.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak prentsaurrekoa emango du 17:30ean Erandion Poliziaren operazioaren nondik norakoak emateko.

Halaber, Eusko Alkartasuneko, Aralarreko eta Ezker Batuko legebiltzarkideek eta Bilduk Bilboko Udalean dituen ordezkariek prentsaurrekoa emango dute Ametzola plazan, 14:00etan.

Gaztetxea dagoen eraikina utzita zegoen eta bizilagunek okupatzea erabaki zuten duela 13 urte. Kultura sustatzeko ekimenak egiten zituzten bertan. Baina halako batean, eraikinaren jabeak jabetza berreskuratu eta bertan etxebizitzak eraikitzea erabaki zuen.

Azken hilabeteotan, Gaztetxearen sustatzaileek intelektualen, politikarien eta bizilagun elkarteen babesa jaso dute eta duela gutxi manifestazio batean milaka pertsona bildu zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea