Mundua -

Protesta sozialak

Brasilgo 'suminduen' manifestazioak herrialde osora hedatu dira

Martxak Sao Paulon hasi ziren, garraio publikoa garestitu izana salatzeko, baina orain aldarrikapenak askotarikoak dira.

Protesta jendetsu bat Sao Paulon. EFE
Protesta jendetsu bat Sao Paulon. EFE
Protestak herrialde osora zabaldu dira Brasilen

1:23

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den astean Sao Paulon (Brasil) hasi ziren protestak herrialde osora zabaldu dira. Agintariek garraio publikoa garestitu dutelako hasi ziren protestan, baina orain aldarrikapenak askotarikoak dira, 'sumin' sozialaren erakusle.

Rio de Janeiron, gutxienez 100.000 pertsonak egin dute protesta, hiriko kale nagusian, eta, Sao Paulon, 65.000 inguru izan dira. Martxak, baina, beste hainbat hiritara hedatu dira, hala nola Brasilia, Belo Horizonte, Porto Alegre, Salvador, Belen, Vitoria eta Curitiba.

Manifestazioak sare sozialetan deitu dituzte, antza denez buruzagirik ez duen eta alderdi politikoekin lotuta ez dagoen mugimendu batek sustatuta.

Martxen abiapuntua Sao Pauloko garraio publikoak 20 zentabo (zazpi zentimo, eurotan) garestitu izana da. Dena dela, aldarrikapen horri beste hainbat gaineratu dizkiote.

Brasilian, adibidez, Brasilgo Gobernuak nazioarteko kirol ekitaldietan (Olinpiar Jokoak eta futboleko Munduko Txapelketa, kasu) dirutza gastatu izana salatu dute. "Gobernuak milaka milioi gastatu ditu estadioetan, osasuna alde batera utzita", deitoratu du 22 urteko ikasle batek, EFE agentzian egindako adierazpenetan.

Brasil azken hamarkadan pobrezia gehien murriztu duen herrialdetakoa da. Herritar gehienak klase ertainekoak dira orain, eta langabezia tasa inoizko txikiena da. Nolanahi ere, zerbitzu publikoak (hezkuntza eta osasuna, batik bat) eskasak direla salatu dute herritarrek.

Horrenbestez , Brasilgo 'suminduen' aldarrikapen nagusiak zerbitzu publikoetako inbertsioak handitzea eta ustelkeriaren eta diru publikoa edonola xahutzearen aurka borrokatzea dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea