Mundua -

Ingalaterran eta Galesen

Ezkontza homosexualen legea gaur sartu da indarrean Britainia Handian

Westminsterreko parlamentuak iaz onartu zuen sexu bereko bikoteen ezkontzak baimentzen zituen legea. Oraingoz, Ingalaterran eta Galesen  ezarriko da, bakarrik.

Lehenengo ezkontza homosexualak izan dira Erresuma Batuan

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Homosexualen arteko ezkontzak baimentzen dituen legea  indarrean da Ingalaterran eta Galesen.  Bart, jada, lehen ezkontzak izan dira.

Westminsterreko parlamentuak iaz onartu zuen sexu bereko bikoteen ezkontzak baimentzen zituen legea. Oraingoz, Ingalaterran eta Galesen  ezarriko da, bakarrik. Eskoziak antzeko lege propio bat onartu zuen iazko otsailean, eta urte honen amaiera aldera sartuko da indarrean. Irlandan, berriz, ez da gai honen inguruan legerik onartu.

Duela zortzi urte inguru Erresuma Batuak homosexualen arteko ezkontzak arautzeko legedi bat onartu zuen; orduko araudiak ezkontza zibilak onartzen zituen, eta eskubideak ere onartzen zitzaizkien bikote homosexualei. Besteak beste, bikotekide bat hiltzen den kasuetan,  beste kideak ondarea oinordetzan hartzeko eskubidea aitortuta izan dute azken urteotan.

Gaur indarrean sartu den legearen arabera,  udal eraikinetan ez ezik, tenplu erlijiosoetan ere ezkontzeko aukera izango dute sexu bereko bi kidek. Dena dela, Eliza Anglikanoan ez dira onartuko ezkontza homosexualak. Atzerrian ezkondu diren sexu bereko bikote britainiarren ezkontzak ere legezkotzat joko ditu Britainia Handiak, gaurtik. David Cameron lehen ministro kontserbadoreak  babestutako legea izan da honakoa, kritika zaparrada jaso duen arren, batez ere, eliza anglikanotik. Legea indarrean sartu dela ospatzeko,  ostadarraren bandera, homosexualen ikurra, jarriko dute Britainia Handiko hainbat eraikin publikotan.

Legea eztabaidatzen hasi zirenetik, Eliza Anglikanoa izan du aurrez aurre Britainia Handiko Gobernuak.  Ika-mika gogorrak izan dira bi aldeen artean, baina, azken  hilabeteotan, tentsioa baretu egin dela dirudi. Justin Welby  Canterburyko artzapezpikuak esan berri du Elizak legea errespetatuko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Erresuma Batua LGTBI