Mundua -

Goi-bilera

Junckerrek babes zabala jaso du Europako Batzordeko presidente izateko

Erresuma Batua kontra agertu da. David Cameron lehen ministro britainiarraren hitzetan, 'Juncker ez da hautagai egokia' eta izendapen horrek 'ondorioak' izango ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuna osatzen duten herrialdeetako estatuburu eta gobernuburuek Jean-Claude Juncker Europako Alderdi Popularraren hautagaia babestu dute Europako Batzordeko hurrengo presidente kargurako, goizean Bruselan egin duten goi-bileran. Erresuma Batua erabaki horren aurka agertu da, horren ustez, Juncker ez delako "hautagai egokia".

Hautagai popularrari gaur babesa adierazi diotenetako bat  Helle Thorning-Schmidt Danimarkako lehen ministroa izan da. "Eskarmentu handiko politikaria da, Europar Batasunarentzat urte askoan modu pragmatikoan lan egin duena", esan du buruzagi danimarkarrak gaur goizean, goi-bilerara sartu denean.

Thorning-Schmidten aburuz, proiektua da garrantzitsua, ez proiektu hori aurrera nork eramango duen. Halaber, Erresuma Batua kontra agertu izanak ez duela  ondoriorik izango gaineratu du. "Erresuma Batuak Europar Batasuna behar du, eta Europar Batasunak Erresuma Batua ere bai. Gaurkoaren ondoren, dena bere onera etorriko da eta Erresuma Batuak bazkide garrantzitsu izaten jarraituko du", esan du.

Oso bestelako jarrera erakutsi du David Cameron lehen ministro britainiarrak. Juncker ez dela Europako Batzorderako hautagai egokia esan du, eta behin eta berriz nabarmendu du gaurko hautaketak ondorioak izango dituela.

Hautaketa prozesu honetan iritzi kontrajarriak izatea "normala" da, Fredrik Reinfeldt Sueziako lehen ministroaren iritzian, eta negoziazioa modu "zuzenean" egin dela azpimarratu du. Reinfeldtek, hasiera batean, Cameronen jarrera babesten zuen arren, azkenean, Junckerren hautagaitza ontzat jo du, "Europako Kontseiluaren eta Europako Parlamentuaren babesa duelako".

Elio Di Rupo Belgikako lehen ministroak ere Junckerri babes osoa agertu dio: "Pertsona aproposa da une aproposean". Erresuma Batuaren jarreraz, berriz, "herrialde batek ezin du bere ikuspuntua beste guztienaren gainetik jarri", esan du. "Cameronen iritzia errespetatzen dugu, baina beste iritzi bat gailendu da eta hori begi-bistakoa da", zehaztu du. Di Rupok gogoratu duenez, Europako Batzordeko presidentea izendatzeko, Kontseiluan gehiengo nahikoa behar du, baina ez du guztien adostasuna behar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea