Mundua -

Ukraina

295 bidaiariko Malaysiako hegazkin bat erori da Ukraina ekialdean

Hegazkina Ukrainako radarretatik desagertu da 10.000 metroko altueran zihoala, Donetsken. Kievek guztiak hil direla baieztatu du, eta hegazkina misil batek eraitsi duela uste du.

Malaysia Airlines konpainiako Boeing-777 hegazkinaren irudia. EiTB
Malaysia Airlines konpainiako Boeing-777 hegazkin bat. EFE
295 bidaiari zeramatzan Malaysiako hegazkin bat Ukrainan erori da

0:57

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boeing-777 bidaiarien hegazkin malaysiar bat erori da Ukraina ekialdean, Errusiako mugatik gertu, 295 bidaiari zeramatzala, Interfax albiste agentziaren abiazio industriako iturrien arabera.

Malaysia Airlines konpainiako hegazkina Amsterdam eta Kuala Lumpur arteko hegaldia egiten ari zen, eta 10.000 metroko altueran zihoala, Ukrainako radarretatik desagertu da.

Konpainia malaysiar bateko hegazkinak lurrarekin harremana galdu du herrialdearen ekialdeko Donetsk eskualdean. Bertan, Ukrainako indarren eta errusiazaleen arteko borrokak dira nagusi.

Ukrainako Barne Ministerioko kontseilari batek 280 bidaiariak eta 15 tripulatzaileak hil egin direla iragarri du, eta Kieven arabera, lur-aireko misil batek eraitsi du hegazkina. Ukrainak errusiazaleei leporatu die hegazkinaren erausketa.

Donetskeko errepublika izendatu duten ordezkariek ukatu egin dute 10.000 metroko altueran doan hegazkin bat eraisteko adinako armak izana, eta Ukrainako Gobernuaren ehiza-hegazkin bati leporatu diote eraisketa.

Konpainiak kontaktua galdu zuen

Malaysian Airlines konpainiak baieztatu du Boeing-777 hegazkinarekin harremanak galdu zituela Ukraina ekialdean.

"Amsterdamgo MH17 hegaldiarekin harremana galdu du Malaysian Airlinesek. Azkenengoz Ukrainan zegoela jakin dugu. Xehetasun gehiago eskainiko ditugu laster", adierazi du hegazkin konpainiak.

Malaysiak ikerketa abiatu du

Najib Razak lehen ministro malaysiarrak hegazkinarekin gertatutakoa argitzeko ikerketa zabalduko duela iragarri du.

"Zur eta lur nago iristen ari diren informazioekin", idatzi du Razakek Twitterren. "Berehala ikerketa zabalduko dugu", esan du.

Poroshenko: 'Ekintza terrorista izan da'

Bestalde, Petro Poroshenko Ukrainako presidenteak adierazi du balitekeela hegazkin malaysiarra eraitsia izana, eta "ekintza terrorista" baten ondorio izan dela berretsi du.

"Azken egunetan, mota horretako hirugarren kasu lazgarria da, An-26 bat eta Su-25 bat ere bota baitituzte. Posible da malaysiako hegazkina ere eraitsia izana, baina argi utzi nahi dugu Ukrainako Indarrak ez zirela aireko objektuak eraisten ari", adierazi du presidenteak, prentsa zerbitzuak azaldu duenez.

EBk 'nazioarteko berehalako ikerketa' eskatu du

Catherine Ashton Europar Batasuneko diplomazia buruak Malaysia Airlines konpainiako Boeing-777 hegazkinaren istripua argitzeko "nazioarteko berehalako ikerketa" eskatu du.

"Istripuaren zergatiak atzerapenik gabe jakin behar dira, eta nazioarteko ikerketak tragedia guztiz argitu behar da", azaldu du Ashtonek adierazpen batean. Goi ordezkariak alde guztiei eskatu die ezbeharraren lekura sartzea errazteko, "lehen bait lehen segurtasuna bermatu, elkarlanean aritu eta informazio guztia partekatu ahal izateko".

"Honek argi uzten du, beste behin, Ukrainako gatazkak amaitu egin behar duela. Istripuaren atzean egon daitezken arrazoiak epaitu gabe, alderdi guztiei Ukraina ekialdeko hilketak gelditzeko eskatzen diet, tentsioa areagotu dezaketen ekintzak eten eta berehala su etena adosteko", gehitu du.

Bestalde, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europar Kontseiluko buruak adierazpen bateratu bat igorri dute, "nazionalitate ugariko bidaiariak, Europar Batasunekoak barne" zihoazen hegazkinaren istripua dela eta "harrituta" daudela azalduz.

Obama 'zer gertatu den eta zergatik' argitzeko laguntza eskaini du

Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak gaur adierazi du bere lehentasuna Ukraina ekialdean eroritako hegazkinean hiritar estatubatuarrik ba ote zegoen ikertzea dela. Gainera, "zer gertatu den eta zergatik" ikertzeko laguntza eskaini du.

Vladimir Putin presidente errusiarrak telefonoz eman dio Obamari istripuaren berri, Etxe Zuriaren arabera.

Boeingek laguntza eskaini du

Boeing konpainia estatubatuarrak agintariei laguntza eskaini die Malaysia Airlineseko Boeing-777 hegazkinaren istripua dela eta.

"Boeing prest dago agintariek eskatzen duten laguntza guztia emateko", azaldu du konpainiak adierazpen batean, eta doluminak eman dizkie bidaiarien familiei.

"Gure pentsamenduak eta otoitzak Ukrainan galdutako hegazkinean zihoazenekin, familiekin eta lagunekin daude", gehitu du.

Ehun gorpu aurkitu dituzte

Malaysiako hegazkinean zihoazen 295 pertsonetatik 100 baino gehiagoren gorpuak aurkitu dituzte istripuaren lekuan, Larrialdi Egoeretako Ministerioko iturrien arabera.

"Oraindik ezin dugu esan zehazki zenbat pertsona hil diren, ezta orokorrean ere, zuhaitz arteko zonalde zabal batean zehar sakabanatuta baitaude gorpuak", azaldu dio iturriak RIA Novosti agentziari.

Gainera, matxinatu ukrainarrek hegazkinaren kutxa beltza aurkitu dute, Interfax agentziak jakinarazi duenez.

Matxinatuek su etena proposatu dute

Matxinatu errusiazaleek su etena proposatu diote gaur Petro Poroshenko ukrainarraren Gobernuari, herrialdearen ekialdean erori den Malaysiako hegazkinaren istripua ikertu ahal izateko.

Bigarren ezbeharra bost hilabetetan

Bidaiari hegazkinaren gaurko istripua Malaysia Airlines konpainiako MH370 hegaldia desagertu eta bost hilabetera gertatu da. Martxoaren 8an, Malaysiako radarrek 239 pertsona zeramatzan hegaldiarekin kontaktua galdu zuten, eta harrezkero, bilaketa lanek ez dute emaitzarik eman.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albiste garrantzitsuak Ukraina Ameriketako Estatu Batuak bideoak Errusia berriak Hegazkin istripuak gaur Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra azken ordukoa