Mundua -

Gaza

Israelek eta palestinarrek bost eguneko beste su-eten bat adostu dute

Honenbestez, su-eten berria astelehenera arte luzatuko da, Egiptoko Gobernuak iragarri duenez. Su-eten iraunkor bat lortzeko saiakeran aurrera egiteko eskatu dio Obamak Netanyahuri.

Israelgo blindatu bat Gazako Zerrendatik gertu. Argazkia: EFE
Israelgo blindatu bat Gazako Zerrendatik gertu. Argazkia: EFE
Israelgo blindatu bat Gazako Zerrendatik gertu. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinarrek eta israeldarrek bost eguneko beste su-eten bat adostu dute, hainbat iturriren arabera. Horrela, Kairoko negoziazioetan akordio batera heltzeko denbora gehiago eman nahi dute aldeek.

"Miliziek tregoa luzatzea adostu dute", adierazi dio iturri palestinar batek Reuters albiste-agentziari. Akordioa indarrean zegoen 72 orduko su-etena bukatzear zegoela lortu dutela goraipatu du.

Bestalde, Egiptoko iturriek Yedioth Ahronoth Israelgo egunkariari baieztatu diote bi aldeek su-etena luzatu dutela.

Honenbestez, su-etena astelehenera arte luzatuko da, Egiptoko Gobernuak iragarri duenez.

Tregoa beste bost egun luzatzeko akordioa agiri baten bidez baieztatu du Egiptoko Exekutiboak berak. "Kairoko zeharkako negoziazioetan bake akordio iraunkorra lortzeko denbora gehiago eman nahi dute aldeek", zehaztu du Gobernuak.

"Palestinarren kezka diren gaiak negoziatzen jarraituko dute bertan, euren helburu legitimoak lor ditzaten", gaineratu dute Egiptoko agintariek.

Negoziazioetan dagoeneko zenbait puntu adostu dituztela azaldu du Palestinako taldearen iturri batek, baina beste gai askotan aldeak hurbiltzeko denbora beharko dutela onartu du.

Koheteen jaurtiketa

Gazako Zerrendatik Israel hegoaldera gutxienez zortzi kohete jaurti dituztela salatu du Israelek. Erasoak ez du biktimarik eragin.

Koheteak jaurtiz Palestinako miliziek su-eten berria hautsi dutela salatu du Israelgo Armadak. Bi kohete Eshkol hirian erori direla ziurtatu du Armadak, agiri labur baten bidez, eta beste bat Netivot hirian indargabetu dutela erantsi du.

Laugarren kohete batek Sdot Negev hirian egin du eztanda, Armadaren esanetan, eta lehentxeago Ashkelon hirira beste bat bota dutela gaineratu du. Guztira, azken orduetan zortzi kohete jaurti dituztela salatu du. Hamasek, ostera, gezurtatu egin du koheterik jaurti izana.

Obama

Epe luzera su-eten "iraunkorra" lortzeko saiakeran aurrera egiteko eskatu dio Barack Obama AEBko presidenteak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, Etxe Zuriak agiri batean azaldu duenez.

Obamak eta Netanyahuk "Kairoko negoziazioen inguruan hitz egin dute telefonoz, su-eten iraunkor bat lortzeko", horren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gazako argazkiak