Mundua -

Erreferenduma Eskozian

Salmond: 'Eskozia independente bihurtuko den herrialde aberatsena da'

Lehen ministroaren arabera, eskoziarren etorkizunerako onena Eskoziaren inguruko erabakiak 'bertan bizi eta lan egiten dutenek hartzea' da.

Alex Salmond, Eskoziako lehen ministroa. EFE
Alex Salmond
Alex Salmond, Eskoziako lehen ministroa. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren irailaren 18ko independentziaren inguruko galdeketan baietzak irabaziko balu, Eskozia "independente bihurtuko den munduko herrialderik aberatsena" izango litzateke, Alex Salmond nazionalistak gaur adierazi duenez.

Eskoziako lehen ministroak parlamentuko diputatuekin izandako bileran egin ditu adierazpen horiek, gaur bildu baitira azken aldiz datorren asteko galdeketaren aurretik.

Hilaren 18an, eskoziarrek hauteslekuetara joko dute Erresuma Baturik banandutako erregio bat izan nahi duten edo ez erabakitzeko.

"Galdeketarako lau aste baino ez dira falta, eta eskoziarrek begiak ireki dituzte independentziak eskaintzen dizkien aukeren aurrean. Erreferendumak nahi dugun eta ikusi nahi dugun Eskozia lortzeko ideia mordoa sortu ditu", azpimarratu du Salmondek.

Politikariaren arabera, auziaren inguruko eztabaida aurrera doan ahala, "puntu batzuk argi gelditu dira". Esaterako, "Eskoziak independentea eta arrakastatsua izateko behar den guztia" duela ados daude eskoziar guztiak, Salmonden ustez.

"Munduko herrialderik aberatsenetako bat gara, eta gure Barne Produktu Gordina (BPG) per capita Erresuma Batuarena, Frantziarena eta Japoniarena baino altuagoa da", azaldu du.

Politikari independentistak gehitu du eskoziarren etorkizunerako onena Eskoziaren inguruko erabakiak 'bertan bizi eta lan egiten dutenek hartzea' dela.

"Lau asteren buruan, baietzaren aldeko botoek bakarrik bermatuko dute Eskoziaren etorkizuna Eskoziaren esku egotea", zehaztu du.

Datorren astelehenean, lehen ministro eskoziarra telebistan zuzenean emitituko den eztabaida batean izango da, beste behin, Ekonomiako ministro ohi Alistair Darling laboristarekin aurrez aurre. 'Better Together' ('Batera Hobe') kanpainako burua da Darling, hiru alderdi britainiar nagusiekin batera –kontserbadoreak, laboristak eta liberaldemokratak-, eta independentziaren aurkakoak dira guztiak.

Bi politikariak abuztuaren 5eko eztabaidan izan ziren aurrez aurre, eta inkesten arabera, Darling izan zen 'garailea'.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eskoziako independentzia erreferenduma