Mundua -

Gaza

Suntsitutako Zerrenda berreraikitzeko lanei ekin die Palestinak

50 egun iraun duen gatazkak 5.000 milioi dolarretik gorako galerak utzi ditu. Israelen tankeak Gazatik ateratzen hasi dira.

Israel-Gaza istiluak
Israel-Gaza istiluak
Normaltasuna itzuli da gaur Gazako kaleetara

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazatarrak Zerrenda berreraikitzeko lanetan hasi dira gaur, lasai bezain ikaratuta, 50 egunez Israelen etengabeko bonbardaketa gogorrak jasan dituztela sinetsi ezinda.

Behin-betiko su-eten akordioa bi aldeek irmoki errespetatu dute, eta Gazako kaleak, itxura penagarria erakutsi arren, jendez bete dira azkenean.

Izugarrizko lana dago aurretik, nazioarteko laguntzaileek azaldu dutenez, eta horretarako, urte asko, milioika dolar eta lortutako akordioa baino egoera politiko egonkorrago bat beharko dira.

"Zerrendari buruzko azken txostenak azaldu zuen 2020an ezingo zela bertan bizi. Bi hilabete hauetako suntsipenaren ostean, urte batzuk aurreratuko zen aurreikuspena", adierazi du laguntzaile batek.

"Ez dira eraikin publikoak soilik suntsitu, baita lantegi pribatuak ere. Sektore hori indarra hartzen hasia zen gudan aurretik, eta orain lur jota dago. Ez dago lanerako aukerarik, ekonomia hilda dago", esan du.

Gaza, Palestina. Israelen erasotik ihesi. EFE

Oraindik ez dago zifra ofizialik, baina agintari palestinarren ustez, galerak 5.000 milioi dolarretik gorakoak izango dira. Laguntzaileen arabera, berreraikuntza gehiago kostatuko da.

Gobernuz kanpoko erakundeek adierazi dute lana oso luzea izango dela; izan ere, 450.000 pertsona baino gehiagok etxetik ihes egin zuten gatazka hasi zenean, eta orain ez dute bizilekura itzultzeko aukerarik, guztia suntsituta baitago.

"Eraikin asko ezingo dira berreraiki, eta beste milakak urtebete baino gehiago beharko dute bertan bizitzeko egokitzeko. Ubideak oso egoera txarrean daude, baita elektrizitate kableak ere", azaldu du NBEko langile batek.

Duela zazpi urte Israelek blokeo ekonomikoa ezarri eta Zerrenda setiatu zuenetik lehen aldiz, Elikagaien Munduko Programako ordezkariek Egiptorekin muga egiten duen Rafah pasabidetik igaro dira eta janaria banatu ahal izan dute. Gainera, egun gutxi barru, bigarren konboi bat iritsiko da.

Tokiko iturrien arabera, Palestinako Aginte Nazionaleko eta Hamaseko ordezkariak datozen egunetan Kairon bilduko dira akordioaren baldintzak zehazteko. Egiptok eta Israelek eskatu bezala, Hamasek Mahmud Abas presidente palestinarraren funtzionarioak bertaratzea onartu zuen.

Irailerako finkatuko da portuaren eta aireportuaren irekieraren inguruko eztabaida. Neurri horrek Palestinaren ekonomia globala indartuko luke, jada ez litzatekeelako erabat Israelgo inportazioen menpe egongo. Horixe da, hain zuzen, talde gehienek eskatu dutena.

Israelgo Ejertzitoa tankeak Gazatik ateratzen hasi da

Israelgo Ejertzitoa gaur hasi da infanteriako eta zalditeria blindatuko tropak Gazako mugatik ateratzen, su-etena adostu eta hurrengo egunera.

Tokiko hedabideen arabera, lurreko operaziorako zabaldutako tankeak eta bestelako gerrako makineriak herrialdeko beste gune batzuetara erretiratzen hasi da Israel.

Dena dela, Gazako eraso dibisioan alerta egoera altuan jarraitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Gazako albisteak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Israel albisteak Palestina azken orduko albisteak Ekialde Hurbileko albisteak