Mundua -

Elkarrizketa Radio Euskadin

'Eskozia independentea munduko herrialde onenetakoa izan liteke'

Xavier Solano Eskoziako Alderdi Nazionalaren aholkulariak adierazi duenez, baietzak irabaziz gero, "Bruselan hartzen ez diren erabakiak Edinburgon hartuko dira, Londresen hartu beharrean".

Xavier Solano, ETBn egindako elkarrizketa batean. Argazkia: EiTB
Xavier Solano, ETBn egindako elkarrizketa batean.
Xavier Solano, ETBn egindako elkarrizketa batean. Argazkia: EiTB

Manu Gimenez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xavier Solano Eskoziako Alderdi Nazionalaren aholkulariak uste duenez, independentziarekin "Eskoziak munduko herrialde onenetakoa izateko aukera izango du", egungo egoera "ona" den arren, "hobeto" egon daitekeelako.

Aholkulari kataluniarrak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, erreferenduma babesteko "faktore garrantzitsuenetako bat da eskoziarrei gehien eragiten dieten erabakiak Ingalaterrako kontserbadoreek hartzen dituztela, eskoziarrek bozkatu ez zuten alderdi batek, eta, azkenean, bozkatu ez zuten gobernu baten erabakiak onartu behar dituztela". Hori horrela, "gardentasun demokratikoagatik bada ere, independentziarekin, eskoziarrek bozkatutako agintariak izango dituzte", azpimarratu du.

Eskoziaren identitate arazoez galdetuta, Solanok argi adierazi du Erresuma Batuan ez dagoela "identitate arazorik". "Erresuma Batua lau nazioren batasuna da: ingelesa, eskoziarra, galesa eta irlandarra".

Horren harira, hezkuntza sistema eta beste eskumen batzuk "nazioen esku" daudela eta Londresek hor ez duela agintzen adierazi du.

Gainera, naziotasuna aitortuta, "etorkizunaz erabakitzeko eskubidea dute automatikoki; beraz, eztabaida da Eskozia non egongo den hobeto, Erresuma Batuaren barruan ala kanpoan", ez Eskoziak erabakitzeko eskubidea duen ala ez.

Solanoren arabera, Londresen eta Edinburgoren arteko harremana "oso adeitsua" da, baina "Londresek beti jartzen ditu aurretik uhartearen hego-ekialdearen (Ingalaterra) interesak".

"Eskoziaren independentzia ez doa Erresuma Batuaren kontra, ez ditu Ingalaterrarekiko loturak apurtuko. Baina independentziarekin, Bruselan erabakitzen ez dena Edinburgon erabakiko da, Londresen erabaki beharrean", gaineratu du.

Independentziaren kontrakoek irabaziz gero Eskoziak autonomia gehiago lortzeko aukeraren inguruan, Solanok azaldu du ez dagoela egungo egoerarekin gustura dagoen alderdirik, eta independentistek galduz gero "Eskoziak botere gehiago" jasoko lituzkeela. "Ezetzak irabaziz gero, botere batzuk irabaziko ditugu, baina baietzak irabaztekotan, guztiak. Arazoa da unionistek oraindik ez dutela iragarri edo erabaki zein eskumen emango dituzten".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ezkozia albisteak Eskoziako erreferenduma