Mundua -

Zentsura-mozioa

Euroeszeptikoak eta ultraeskuina Junckerren aurka bakarrik geratu dira

“Ez naiz kapital handiaren laguna”, adierazi du Europako Batzordeko presidenteak Parlamentuan. ‘Lux Leaks’ eskandalua dela eta zentsura-mozioa eztabaidatu du Euroganberak.

Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe
Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea.
Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi euroeszeptikoak eta eskuin muturreko taldeak bakarrik geratu dira Europako Parlamentuan, Jean-Claude Juncker Batzordeko presidentearen aurkako zentsura-mozioa defendatzeko orduan. ‘Lux Leaks’ eskandalua protagonista izan da gaur, Euroganberan.

Europako Alderdi Popularrak, sozialistek, liberalek, berdeek eta Ezkerrak ez dute mozioa babestuko osteguneko bozketan. Bestalde, kontserbadoreek eta Europako erreformistek ez dute botoaren norabidea zehaztu.

Zentsura-mozioaren arrazoiak zalantzan jarri ditu Junckerrek eztabaidan. Batzordeko presidentearen hitzetan, multinazionalekin zerga akordioak “ez dira Luxenburgoren arazoak bakarrik, Europa osoarenak baizik”; izan ere, 22 Estatu kideetan aplikatzen dira.

“Ez naiz kapital handiaren laguna”, adierazi du Europako Batzordeko presidenteak. Batzordeak “zerga-ihesaren aurka borroka” egingo duela ziurtatu du Junckerrek.

340 akordio, multinazionalekin

Lux Leaks kazetaritza ikerketak isilpeko informazioan oinarrituta jakin duenez, Luxenburgok ezkutuko 340 akordio sinatu zituen multinazionalekin (Pepsi, Ikea, Burberry, etab.) Juncker lehen ministro zenean, enpresa horiek zerga gutxiago ordaindu zitzaten. Europako Batzordeak dagoeneko abiatu ditu ikerketak, eta Fiatekin eta Amazonekin egindakoak dituzte aztergai, Margrethe Vestager Lehiarako arduradunak zabaldutakoaren arabera.

Zentsura-mozioa Askatasunaren eta Demokrazia Zuzenaren Europak aurkeztu du, Nigel Farage britainiarraren UKIP eta Beppe Grilloren Bost Izar Mugimendua barne hartzen dituenak. Hala ere, Marine Le Pen Frantziako Fronte Nazional ultraeskuindarreko parlamentarien babesa ere izango du. Guztira, 76 parlamentarik babestu dute, araudiak mozio bat aurkezteko ezartzen duen gutxieneko % 10etik apur bat gorago.

Mozioan, Luxenburgon sinatutako akordioen "ardura zuzena" egotzi diote Junckerri, eta Europar Batasuneko Estatu kideei zerga bidez "milaka milioi euroko" diru-sarrerak edukitzea galaraztea.

Mozioak aurrera egiteko, gehiengo bikoitza eskuratu beharko luke: emandako botoen bi heren eta Europako Parlamentuko diputatuen gehiengoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Zer ari da gertatzen Europan?