Mundua -

Missouri

Istiluak AEBn, Fergusoneko polizia ez inputatzea erabaki ostean

Barack Obama presidenteak gogorarazi duenez, poliziak tiroka hildako gazte beltzaren senideek protestak baketsuak izateko eskatu dute.

Istilu larriak Ferguson hirian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Michael Brown gazte beltza tiroka hil zuen polizia zuria ez inputatzea erabaki du AEBko epaimahai batek, eta horrek istilu larriak piztu ditu Fergusonen (Missouri), eta AEBko hainbat hiritan manifestazio baketsuak egiten ari dira familiari elkartasuna agertzeko.

Autoak kiskali eta leihoak eta ibilgailuak txikitu dituzte, eta arpilatzeak eta tiro hotsak dira nagusi Fergusoneko West Florissant etorbidean eta inguruetan, abuztuaren 9an Darren Wilson polizia zuriak Brown 18 urteko gazte beltza, armarik soinean ez zuela, tiroka hil zuen hirian.

Fergusonen alerta gorenean daude, eta FBI eta Guardia Nazionala prest daude istiluak larritzen badira neurriak hartzeko.

Tiroka hildako gaztearen familia "oso atsekabetuta" agertu da epaimahaiaren erabakiaren berri izan ostean, baina manifestariei mezua igorri die: "Indarkeriari indarkeriarekin erantzutea ez da erantzun egokia".

29 atxilotu eta 12 eraikin kiskalita

Gutxienez 29 pertsona atxilotu dituzte istiluetan, Saint Louis konterriko Poliziak jakitera eman duenez.

Bestalde, Jon Belmar poliziaburuak esan du ez dela inor hil protestetan, baina kalte materialak oso handiak direla, eta gutxienez 12 eraikin kiskali dituztela manifestariek Fergusonen eta inguruan.

Obamak lasaitasuna eskatu du

Bestalde, Barack Obama AEBko Gobernuko presidenteak senideen eskaria nabarmendu du eta lasaitasuna eskatu die bai manifestariei bai istiluei aurre egiteko ardura duten poliziei.

Aurreikusi gabe zegoen agerraldi batean adierazi duenez, "datozen egunotan agenteek bertan egin beharko dute lan komunitatearekin, ez komunitatearen kontra, eta bereizi egin beharko dituzte epaimahaiaren erabakia indarkeria erabiltzeko aitzakia gisa erabiltzen dituzten herritarrak eta gainerakoak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea