Mundua -

AEB

45 lagun atxilotu dituzte Fergusonen, istiluen bigarren gauean

Manifestariak sakabanatzeko negarra eragiteko gasa erabili behar izan du Poliziak, baina, oro har, gau lasaiagoa izan da gaurkoa.

Polizia-auto bat erre dute manifestariek Fergusonen

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

45 lagun atxilotu dituzte bart Fergusonen (Missouri, AEB) Michael Brown gazte beltza tiroz hil zuen Darren Wilson poliziaren kontra kargurik ez aurkezteko erabakia hartu osteko bigarren gauean. Poliziaren arabera, gau lasaiagoa izan da honakoa, baina Fergusonen ez ezik AEBko beste 170 hiritan ere protestak izan dira.

Jon Belmar Saint Louis konderriko poliziaburuak prentsaurrekoan azaldu duenez, 45 lagun atxilotu dituzte, eta horietako lauri delitu bat egotzi diete: bati, legez kontra arma bat edukitzea, eta beste hiruri, agenteei oldartzea. Hala, bi arma eta molotov koktel bat atzeman dituzte agenteek.

Fergusongo Udaletxean tentsio-uneak izan dira, manifestariek harrika hartu baitute Polizia, eta honek negarra eragiteko gasa erabili du jendea sakabanatzeko.

Bart gauekoa, baina, herenegungoa baino lasaiagoa izan dela berretsi du Poliziak. Ez dira une oro tiro hotsak entzun, eta arpilatzerik ere ez da egon. "Oro har, gaua lasaiago joan da", esan du Belmarrek. Astelehenean jakinarazi zuten Brown tiroz hil zuen Darren Wilson agentea ez inputatzea erabaki zuela epaimahaiak, eta erabakiak istilu latzak eragin zituen.

Wilsonek atzo hitz egin zuen, hilketa gertatu zenetik lehen aldiz. Egindakoarekin "lasai" dagoela eta berriz egingo lukeela nabarmendu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak argazkiak