Mundua -

Sony Pictures Entertainment

Obama: 'AEBek Ipar Koreari erantzungo diote eraso zibernetikoagatik'

Sonyren aurkako erasoaren “arduraduna Ipar Korea dela esateko informazio nahikoa” dutela adierazi du FBIk. Pyongyangek, aldiz, gertakariarekin zerikusirik ez duela esan du.

Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Barack Obama AEBetako presidentea. Argazkia: EFE
Obamak galdera askori erantzun behar izan dio Etxe Zurian

1:12

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBek Ipar Koreari “neurriko erantzuna” emango diotela ziurtatu du gaur Barack Obama presidenteak; izan ere, Sony Pictures Entertainment (SPE) konpainiaren aurkako eraso zibernetikoaren ardura Pyongyangi egotzi dio FBIk.

Etxe Zurian eman beharreko urteko azken prentsaurrekoan, Gabonetako oporraldia igarotzeko Hawaira joan baino lehen, The Interview filmaren estrenaldia bertan behera uztea Sonyren “hanka-sartze” bat izan dela adierazi du Obamak. Pelikula “gerra ekintzatzat” jo zuen Pyongyangeko Gobernuak.

“AEBek Sonyren kontrako eraso piratari erantzuten ez badiote, ez die pelikulei soilik eragingo, ekonomia guztiari baizik”, ohartarazi du presidenteak.

FBIk Ipar Korea erantzule egin du

Gutxi lehenago, Sonyren aurkako erasoaren “arduraduna Ipar Korea dela esateko informazio nahikoa” dutela adierazi du FBIk.

Pyongyangek, ostera, gertakariarekin zerikusirik ez duela esan du. “Ipar Koreak ez du horretan parte hartu”, adierazi dio Pyongyangeko diplomatiko batek Reuters albiste-agentziari.

‘Guardians of Peace’ (Bakearen Zaindariak) izeneko talde batek eraso zibernetikoa aldarrikatu zuen iragan asteartean. Filma ematen zuten zinemetan izua zabaldu behar zuela mehatxatu zuen taldeak agiri batean.

Mehatxuak bere helburua lortu zuen; izan ere, The Interview filmaren lehen emanaldia bertan behera utzi zuen Sonyk asteazkenean. Estreinaldia abenduaren 25ean egin behar zuten, AEBetan.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak Ipar Korea Albisteak