Mundua -

Desagerturik

Hegazkina Javako itsas hondoan dagoela uste du Indonesiak

Indonesia, Malaysia, Singapur, Australia eta Hego Korea bilaketan parte hartzen ari dira Belitung uhartearen inguruetan. AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Txina, India eta Japoniak laguntza eskaini dute.

Hegazkinean zihoazen hainbat bidaiarien senideak. Argazkia. EFE.
Hegazkinean zihoazen hainbat bidaiarien senideak. Argazkia. EFE.
Bi egun, AirAsia konpainiako hegazkinaren arrastorik gabe

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AirAsia konpainiaren Airbus 320-200 hegazkinak “itsas hondoan” amaitu zuela esateko “aukera asko” daudela azaldu dute gaur Indonesiako agintariek. Nazioarteko operazio bat desagertutako hegazkina bilatzen ari da Javako itsasoan.

“Gure hipotesia hegazkina itsas hondoan dagoela da”, adierazi du Bambang Soelistyo Indonesiako Bilaketa eta Erreskate Agentzia Nazionaleko zuzendariak Jakartan, Jakarta Globe egunkariak jakitera eman duenez.

“Aurretiko susmoak horiek dira eta bilaketaren emaitzekin baieztatu daitezke”, zehaztu du funtzionarioak.

Indonesia, Malaysia, Singapur, Australia eta Hego Korea bilaketan parte hartzen ari dira Belitung uhartearen inguruetan. Gainera, AEB, Frantzia, Erresuma Batua, Txina, India eta Japoniak laguntza eskaini dute.

Objektu bat

bestalde, Australiako hegazkin batek objektu bat begiztatu du uretan, igandean desagertutako Airbus 320-200 hegazkina bilatzen ari zenean. Airbusa Surabaya Javako hiritik abiatu zen Singapurrerantz, 162 bidaiarirekin.

Indonesiako agintariek esan dutenez, Orio P hegazkinak ikusitako ustezko hondakina hegazkina azkenengoz ikusitako lekutik 700 bat miliara agertu da.

Itsasontziren bat objektua ikusitako lekura heldu eta identifikatu arte ezingo dute baieztatu AirAsiaren hegazkina, zaborra edo beste edozer gauza ote den.

Indonesiako hegazkintza zibileko agintariek hegazkin batekin zuten kontaktua galdu dute. Airbus 320-200 bat zen, AirAsia konpainiakoa, eta 155 bidaiari eta zazpi pertsonako tripulazioa zeramatzan, bertako hedabideek jakinarazi dutenez.

Litekeena Belitung irlatik gertuko uretara erori izana hegazkina, bilaketa eta erreskaterako agentzia nazionalak jakitera eman duenez. Agentzia horretako funtzionario batek toki zehatza ere aurreratu du Indonesiako komunikabide batean.

AirAsia airelineak Airbusen zihoazen 162 lagunen herritartasunaren berri eman du: 155 indonesiar, 3 hegokorear, britainiar bat eta Malaysiako, Singapurreko eta Frantziako beste lagun bana. Bidaiarien artean 16 ume eta hilabete gutxiko hartxo bat daude.

AirAsia airelinearen flotakoa da hegazkina, QZ8501 hegaldiari dagokio, PK-AXC erregistro-zenbakia du eta Surayaba hiritik bertako 05:20an aireratu zen; Singapurren bertako 08:30ean hartu behar zuen lur (00:30 GMT), Kompas egunkari indonesiarrari iturri ofizialek jakinarazi ziotenez.

Aireratu zenetik 40 minutura galdu dute kontaktua

Indonesiako Garraio Ministeritzak azaldu du hegazkinarekin radarraren bidez zuten kontaktua aireratu zenetik 40 minutura galdu zutela. QZ8501 hegaldia Javako itsasoaren gainetik hegan egiten ari zen. AirAsiak baieztatu du hegazkina bilatu eta erreskatatzeko operazio bat dela abian.

Indonesiako iturriek Reuters agentziari esan diotenez, aire-agintariek hegazkinari gorago hegan egiteko eskaria luzatu zioten, bertan zegoen hodei-geruza trinkoa saihesteko. Hegazkineko tripulazioak kontrol-dorreari norabidea aldatzeko eskatu zion, aurkako eguraldia zela eta.

Singapurreko Aire eta Itsas-Indarrak bilaketa operazio bat jarri dute abian. Miaketa gunea Belitung uhartean eta inguruko uretan dago zentratuta. Belitung Sumatrako kostaldearen aurrean dago, Borneo uhartearen hego-mendebaldean, eta 4.800 kilometro koadroko azalera du. Gehienbat, mendiak eta lurralde malkartsua.

Malaysiako hegazkinaren istripua, martxoan

Kuala Lumpurretik Pekinera zihoan hegazkin bat, Malaysia Airlinesekoa eta 239 lagun zeramatzana, 2014ko martxoaren 8an desagertu zen eta ez da horren gaineko arrastorik egon ordutik. Ikertzaileen iritziz, MH370 hegaldia bere norabidetik desbideratu zen eta Ozeano Barean jausi zen erregairik ez izateagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Indonesia