Mundua -

Belgikan

Bortxaketengatik zigortutako presoaren eutanasia, bertan behera

Horrela, Frank Van Den Bleekeni ez diote eutanasiarik egingo urtarrilaren 11an. Presoak ia 30 urte daramatza espetxean emakume bat hiltzeagatik eta zenbait bortxaketengatik.

Frank Van Den Bleeken Brujaseko espetxean dago. Argazkia: EFE
Frank Van Den Bleeken Brujaseko espetxean dago. Argazkia: EFE
Frank Van Den Bleeken Brujaseko espetxean dago. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frank Van Den Bleeken Belgikako presoak ia 30 urte daramatza kartzelan zenbait bortxaketengatik eta emakume bat hiltzeagatik. Azkenik, Den Bleekeni ez diote eutanasia aplikatuko urtarrilaren 11an; izan ere, medikuek prozedura bertan behera uztea erabaki dute, Koen Genns Justizia ministroak iragarri duenez.

Justizia ministroa erabakiaren berri ematera mugatu da, baina ez du medikuen arrazoien inguruko xehetasunik eman. “Medikuen arrazoi pertsonalak sekretu profesionalaren parte dira”, zehaztu du.

51 urteko Van Den Bleeken Ganten dagoen zentro psikiatriko batera eramango dute orain, bertan “tratamendu egoki” bat emateko.

Herbeheretara

Gainera, Herbeheretako Gobernuarekin negoziatzen ari da Belgikako Exekutiboa. Preso mota horien tratamenduan espezializatuta dagoen Herbeheretako zentro batera eraman nahi du Bruselak Den Bleeken; izan ere, birgizarteratzea ezinezkoa da.

“Sufrimendu psikiko jasanezina” pairatzen ari zela argudiatuta eutanasia eskatu du presoak azken hiru urteetan; izan ere, espetxean ez du tratamendurik jasotzen.

Belgikako Justiziak eutanasia egiteko baimena eman zuen iragan irailean. Horrela, Brujaseko kartzelan hiltzeko data finkatu zuten: Urtarrilak 11.

Epe luzeko espetxealdia

Eutanasia bertan behera utzi eta gero, epe luzeko espetxealdia behar duten presoak artatzeko zentro bat Belgikan zabalduko dutela iragarri du Justizia ministroak.

Van Den Bleekenek eutanasia jasotzeko baimena jaso zuenetik beste 15 presok eskaera berdina egin dute.

Belgikak eutanasia 2002an legez onartu zuen, eta 2014an adingabeei aplikatzeko baimena eman zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea