Mundua -

Frantziako atentatuak

Parisko supermerkatuaren erasotzailea Madrilen egon zen urtarrilean

Ikerketako iturrien arabera, Coulibaly Madrilen egon zen urtarrilaren 1ean eta 2an. Auzitegi Nazionalak izapideak zabaldu du Coulibalyren egonaldia ikertzeko.

Amedy Coulibaly. EFE.
Amedy Coulibaly. EFE.
Amedy Coulibali Madrilen izan zen

1:42

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amedy Coulibaly joan den astean Frantziako kosher supermerkatu batean bost pertsona hil zituen gizonezkoa Madrilen egon zen urtarrilaren 1ean, M6 telebista-kateak jakitera eman duenez. Jatorriz maliarra, Coulibaly bere emaztearekin egon zen Espainiako hiriburuan, Hayat Boumeddienerekin. Orain, emakumearen bila dabil polizia, Parisko atentatuekin zerikusia duelakoan.

Ikerketako iturrien arabera, aurrez erositako ibilgailu batean iritsi zen bikotea Madrilera urtarrilaren 1ean. Biharamunean, gizonezkoak Pariserako bidea hartu zuen, errepidez, eta emakumeak Istanbulerako hegaldi bat hartu zuen.

Boumeddienne urtarrilaren 2an iritsi zen Istanbulera, eta han egun batzuk igarota, Sirian sartu zen urtarrilaren 8an. Turkiako hiri horretako aireportuan dauden kamerek hartutako irudietan agertzen da emakumea, beste gizonezko batekin. Poliziak gizonezko horren anaia atxilotu zuen 2014ko uztailaren 14an, Siriara borrokalariak bidaltzea egotzita. M6 telebista katearen arabera, Siriako agintariek Boumeddiene herrialdean sartzen ikusi zuten urtarrilaren 8an.

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak izapideak zabaldu ditu Amedy Coulibalyk, haren emazteak eta hirugarren pertsona batek Espainian egindako egonaldia ikertzeko. Iturri judizialek berri eman dutenez, Poliziaren txosten bat jaso ostean hartu du ikerketa zabaltzeko erabakia.

Bestalde, urte hasieran Coulibalyk eta bere bikotekideak emandako pausoak zehatz-mehatz aztertu nahi dituzte ikertzaileek, egunez egun egindako ibilbidea. Halaber, Kuachi anaiek egindako atentatuekin zerikusia duelakoan, gizonezko frantziar (jatorriz Haitikoa)  bat atxilotu dute Bulgarian. 12 lagun hil zituzten Cherif eta Said Kuachik 'Charlie Hebdo' astekariaren aurkako atentatuan. Yemengo Al-Qaedak atzo beregain hartu zuen astekariaren atentatua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Frantzia berriak Atentatuak