Mundua -

Nazien kontzentrazio-esparrua

Duela 70 urte sarraskia bukatu zela gogorarazi du Auschwitzek

Bizirik atera zirenek eta mundu osoko ordezkaritzek askapenaren urteurrena ospatu dute. Bertan gertatutakoa ez ahaztea eskatu dute preso ohiek.

Auschwitz urtemuga
Auschwitz urtemuga
Askapenaren 70. urteurrena gogoratu dute Auschwitzen

0:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auschwitzetik bizirik atera zirenek eta mundu osoko ordezkaritzek askapenaren 70. urteurrena ospatu dute gaur nazien kontzentrazio-esparruan. Bertan gertatutakoa ez ahaztea eskatu diote preso ohiek nazioarteari.

Gaurko hotz eta elur agertokiak 1945eko urtarrilaren 27an Sobietar Batasuneko soldaduek aurkitutakoaren antzekoa izan behar du. Auschwitz-Birkenauko presoen gatibualdiari amaiera eman zion Sobietar Batasuneko Armadak. Zaindariek kontzentrazio-esparrua abandonatu zuten eta presoak etsita heriotzari itxaroten ari ziren.

Bronislaw Komorowski Poloniako estatuburuak eta anfitrioiak, Francois Hollande Frantziako, Joachim Gauk Alemaniako eta Petro Poroxenko Ukrainako presidenteek bizirik atera ziren preso ohiak lagundu dituzte urteurrenean.

Polonia “Auschwitz-Birkenau eta Holokaustoko memoriaren gordetzailea” bihurtu dela gogorarazi du Komorowskik. Biak “genozidio totalitarioaren” ikurrak direla esan du Poloniako estatuburuak. Tragedia ez errepikatzeko munduari esfortzua eskatu dio Komorowskik.

Hala ere, bizirik atera zirenen testigantzak zeremoniako hunkigarrienak izan dira. Ia 300 preso ohi ekitaldian izan dira eta horietako hiruk hitza hartu dute.

Birenbaum: "Maltzurkeria oro posible da gure munduan”

Halina Birenbaum preso ohi poloniarraren hitzetan, Auschwitzek bost urte martxan eman baldin bazituen, “orduan maltzurkeria oro posible da gure munduan”. Birenbaum Israelen bizi da egun.

Bestalde, “ekin, ez bakarrik gogoratu”, adierazi du Roman Kent AEBetako preso ohiak.

Aniversario Auschwitz EFE

Argazkia: EFE

Poloniako partisanoen papera gogorarazi du Kazimierz Albin preso ohiak. Albin ez da judua eta 10940an Auschwitzera deportatu zuten erresistentziari laguntzeagatik. Kontzentrazio-esparruaren inguruan kementsu borroka egin zuten partisanoek nazien aurka, eta esparrutik ihes egitea lortu zuten presoei laguntza eskaini zieten.

Antisemitismoaren gorakada

Kultura, arte eta zinemako ordezkariak ere Auschwitzen izan dira gaur. “Intolerantziaren betiereko deabruen” eta antisemitismoaren gorakadaz ohartarazi zion atzo Steven Spielberg Schindlerren zerrenda filmeko zuzendariak preso ohien talde bati Krakovian.

Bizirik atera ziren presoek eta ordezkaritzek kandelak piztu dituzte kontzentrazio-esparruko oroitarrian.

Vladimir Putin Errusiako presidentea ez da zeremonian izan. Poloniako agintariek gonbidatu ez dutela salatu du Errusiako buruzagiak. Kontzentrazio-esparrua Sobietar Batasuneko soldaduek askatu zutela gogorarazi du Putinek Moskun.

Sarraskia

Sobietar Batasuneko soldaduek askatu zituzten Auschwitzeko azken presoak, 1945eko urtarrilaren 27an. Milioi bat judu, 64.000 poloniar, 21.000 ijito, 14.000 sobietar eta hainbat nazionalitatetako 10.000 lagun hil zituzten naziek bertan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken berriak Vladímir Putin albisteak Alemania albisteak Gaurko titularrak Eguneko albisteak Historia albisteak Giza eskubideak albisteak Polonia albisteak