Mundua -

Ukraina

Kievek eta errusiazaleek su-etena adostu dute

Errusiaren eta Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen bitartekaritzarekin Minsken egiten ari diren bake elkarrizketek irauten duten bitartean, ez dute pisu handiko armarik erabiliko.

Soldadu ukrainarrak. Argazkia: Efe
Soldadu ukrainarrak.
Minsken egiteko den bilerari begira dago Ukraina

1:16

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainak eta errusiazaleek su-etena adostu dute, eta Errusiaren eta Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen bitartekaritzarekin Minsken egiten ari diren bake elkarrizketek irauten duten bitartean, ez dute pisu handiko armarik erabiliko.

Gainera, aipatu iturriaren arabera, erasoen etenaldia egiaztatzeko mekanismoa adostu dute bi aldeek.

Oraingoz ez dute zehaztu, hala ere, indarrak bereizteko lerroa non dagoen eta pisu handiko armak nondik kenduko dituzten.

Gainera, Donetsk eta Lugansk eskualdeetako estatusaz eta matxinoen esku dauden eremuetan hauteskundeak egiteaz hitz egin dute, TASS albiste-agentzia erreusiarrak, iturri anonimoak aipatuta, jakitera eman duenez.

Errusiazaleek ez diote uko egiten idependentziari, eta Ukrainako Gobernua lurralde horiei soilik autonomia mugatua ematearen alde dago.

Hauteskundeei dagokienez, Kievek ez ditu azaroaren 2an egindako hauteskunde independentistak onartzen, nazioarteak gaitzetsi egin zituen, eta Errusiak errespetatu bazituen ere, ez zituen onartu.

2014ko apirilean hasi zen gatazkari konponbide politiko eta militarra emateko proiektu bat entregatu diete errusiazaleek gainerako aldeei, Denis Pushilin Donetskeko errepublikaren negoziatzaileak prentsari ziurtatu dionez.

Jarraian atsedenaldi bat egin dute aldeek eta Leonid Kuchma Ukrainako presidente ohiak eta Heidi Tagliavini Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundearen ordezkariak bilera utzi dute kontsultak egiteko.

Bonbardaketa Kramatorsken

Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeak ohartarazi duenez, 15 pertsona hil dituzte gaur Kramatorsken, bonbardaketa batean. Hiria Donetskeko eskualdean dago eta Kieveko Gobernuaren kontrolpean dago.

Kieveko Exekutiboaren aldeko indarren Estatu Nagusiaren egoitzari eraso egin izana leporatu die Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak matxinoei.

Adituen arabera, gaurko negoziazioen arrakastak asteazken honetako goi-bilera deitzea baldintzatuko du. Ukrainak, Errusiak, Alemaniak eta Frantziak parte hartuko dute elkarrizketetan, Bielorrusiako hiriburuan.

Bestalde, Barack Obama AEBetako presidenteak Vladimir Putin Errusiako presidenteari telefonoz hots egin dio “Ukrainako ekialdea bizitzen ari den indarkeriaren” inguruan eztabaidatzeko. Mosku matxino errusiazaleei “babesa” ematen ari zaiela salatu du Etxe Zuriak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Ukraina azken orduko Errusia bideoak Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra