Mundua -

Goi-bilera Minsken

Errusiak eta Ukrainak negoziatzen jarraitzen dute

Errusiaren baldintzak "onartezinak" direla esan du Ukrainako presidenteak.

Goi-bilera Minsken (Bielorrusia). Argazkia: EFE
Goi-bilera Minsken (Bielorrusia). Argazkia: EFE
Minsken akordiorik ez badago, Ukrainako egoera kontrolik gabe geratuko da

1:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako, Errusiako, Alemaniako eta Frantziako buruzagiek 14 ordu baino gehiago daramatzate bilduta Minsken, tropa ukrainarren eta matxino errusiazaleen arteko gerrari konponbidea bilatzen saiatzeko.

Reuters agentziaren eta Errusiako hedabideen arabera, iturri diplomatikoak baikor dira, eta aldeak su-etena adostetik gertu daude. Dena dela, gaur goizean egindako atseden batean, Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak oraingoz "albiste onik" ez dagoela esan du. Are gehiago, Errusiak jarritako hainbat baldintza "onartezinak" direla nabarmendu du. Hori bai, oraindik ere "itxaropentsu" daudela gaineratu du.

Hain zuzen ere, Poroxenko bera, Vladimir Putin Errusiako presidentea, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Francois Hollande Frantziako estatuburua daude bilduta. Hasieran, aholkularirik gabeko bilera informal bat egin dute. Jarraian, mahai borobil handi baten inguruan eseri dira, Atzerri ministroekin eta ordezkaritza ofizialekin batera.

Putin goi-bileraren egoitzara heltzen azken izan da. Errusiako buruzagiak gainerako agintariei bostekoa eman die, baita Alexandr Lukashenko Bielorrusiako presidenteari ere. Errusiako eta Ukrainako buruzagien arteko bostekoa oso hotza izan da, telebistak igorritako irudien arabera.

Goi-bilera hasi baino gutxi lehenago, Poroxenko bake ekimena martxan jarri duten Europako bi agintariekin bildu da.

Poroxenko: "Goi-bilerak porrot egiten badu egoera ia konponezina izango da"

Goi-bilerak porrot egiten baldin badu Ukrainako ekialdean bizi den egoera “ia konponezina” izango dela ohartarazi du Ukrainako buruzagiak Lukashekorekin bildu denean.

Minskera bidaia egin baino lehen, Kieveko Gobernuak herrialde osoan gerra-legea inposatuko duela ohartarazi du Poroxenkok Exekutiboaren bilera batean, “erasotzaileen ekintza lotsagarriek gatazkara eramaten baldin badute”.

Poroxenko Putin Ukraina Minsk efe

Petro Poroxenko Ukrainako presidentea eta Vladimir Putin Errusiako presidentea Minsken. Argazkia: EFE

Asteartean, bi aldeek su-etena adostu zuten, eta arma astunak ez erabiltzeko bide orri bat ere bai, Itar-Tass agentzia errusiarrak jakinarazi zuenez.

Gerraren nondik norakoak ez ezik, Donetsk eta Luhansk eskualdeen egoera ere aztertuko dute.

Borrokaldiek jarraitzen dute

Gutxienez Ukrainako 19 soldadu hil dira azken 24 orduetan Debaltsevon, Ostraya Moguila mendian. Gainera, beste 78 soldadu zauritu dituzte, Kieveko arduradun militarrek gaur jakitera eman dutenez.

Gutxienez sei pertsona hil eta beste zortzi zauritu ditu jaurtigai batek Donetsken. Hiriko autobus geltoki batean jo du, Donetskeko Errepublikaren Osasun ministro matxino errusiazaleak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Ukraina albisteak Errusia argazkiak Vladímir Putin bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra gaur Frantzia bideoak Alemania