Mundua -

Estatu Islamikoa

Egiptok Libia bonbardatu du, nazioartearen erantzunaren zain

Hala, Estatu Islamikoaren 64 miliziano hil dituzte, hiru buruzagi tarteko. Libiak kexa agertu du, gerra hegazkinak bere eremuan sartu dituztelako.

Egiptoren gerra hegazkinak. Argazkia: Efe
Egiptoren gerra hegazkinak.
Egiptoren gerra hegazkinak. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko Armadak Libia bonbardatu eta Estatu Islamikoko 64 kide hil ditu gutxienez, hiru buruzagi tarteko, mendeku gisa, EIk 21 kopto (egiptoar kristau) hil ondoren.

Mohamed Hegazy Libiako Armadaren bozeramaileak azaldu duenez, Egiptoko Aireko Armadak Derna eta Sirte kostako hirietan egindako bonbardaketetan hil dira jihadistak, eta Libiako militarrekin koordinatuta egin dituzte erasoak.

Bozeramaile libiarrak gezurtatu egin du bonbardaketetan zibilak hil direnik. "Estatu Islamikoarentzat lan egiten duten hedabideek zabaldu nahi dute zibilen kontrako erasoak daudela, kaosa eta beldurra zabaltzeko, eta talde jihadistako kideekiko sinpatia lortzeko", azpimarratu du.

Libiaren protesta

Bonbardaketak Egiptoko Defentsa Nazionalerako Kontseiluak agindu ditu, Egiptoko segurtasun alorreko aginte nagusiak, "herritarren egonkortasunerako eta segurtasunaren defentsarako" eskubidean oinarrituta, Kairoko Armadaren arabera.

Armadak azpimarratu du bonbardaketak Estatu Islamikoaren "kuartelen, entrenamendu eta kontzentrazio eremuen eta arma biltokien kontra" egin dituztela.

Bestalde, Defentsarako Kontseilu Gorenak, Libiako Gobernu errebeldearen Defentsa Ministerioarena egiten duenak, Nazio Batuen Erakundean protesta egingo duela iragarri du. Izan ere, "ez dugu onartu behar inor Libian sartu eta segurtasuna ezegonkortzea. Premiazko kexa jarriko dugu NBEn, eta giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundeei protesta egiteko eskatuko diegu, Al Sisiren eta bere tropa zitalei aurre egiteko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Nazioarteko azken berriak Estatu islamiarra berriak Jihadismoa hoy Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Egiptoko albisteak Libia