Mundua -

Errusia-Ukraina gatazka

Donetskeko errusiazaleek arma astunak kenduko dituztela iragarri dute

'Agiria bart sinatu dugu. Gaurtik hasita, datozen bi asteetan arma astunak kenduko ditugu', esan du Donetskeko Defentsa Ministerioko ordezkariak. Bestalde, bi lagun hil dira Kharkov hirian.

Ukraniako presoak
Ukraniako presoak
Arma astunak fronte-lerrotik erretiratzen hasiko dira Ukrainan

1:09

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiarekin bat egitearen alde Donetsken dauden taldeek iragarri dute gaur arma astunak kentzen hasiko direla, aurreko astean sinatutako su-etenaren akordioari jarraituta, Edward Basurin Donetskeko Defentsa Ministerioko ordezkariak esan duenez.

Agiria bart sinatu dugu. Gaurtik hasita, datozen bi asteetan arma astunak kenduko ditugu”, esan du Basurinek.

Aldiz, Adrei Lysenko Ukrainako Armadako bozeramalearen arabera, oraindik ez dute baieztatu armak kentzen hasi direnik, gaineratu du Reuters albiste agentziak.

Petro Poroshenko Ukrainako presidentearen esanetan, errusiazaleek 139 gudari ukrainar askatu dituzte, presoak aske uzteko akordioaren harira.

Akordioaren bidez, gainera, Errusiaren aldeko taldeetako 52 pertsona askatu dituzte, Armadak lehendik atzemandakoak.

Itar-Tass Errusiako albiste agentziak zabaldu duenez, Ukrainako soldadu batek uko egin dio alde egiteari eta Donetsken jarraitu eskatu du.

Trukea “denak denen ordez” formularekin adostu dute, hau da, bi aldeetako gatibu guztiak askatzea erabaki dute: Lugansken 16 errusiazale Ukrainako 103 militarren truke eta, Donetsken, 36 errusiazale, 37 gudariren truke.

Bi hildako Kharkiv hirian, lehergai batek eztanda eginda

Gutxienez bi pertsona hil dira igande honetan Ukraina ekialdeko Kharkov hirian, Maidan iraultzaren lehen urteurrena ospatzeko egin den manifestazioan lehergai batek eztanda egin ostean.

"Lehergai batek eztanda egin du Mariscal Zhukov metro geltokiaren ondoan", Ukrainako Barne Ministerioak berri eman duenez. Eztandaren eraginez, bi pertsona hil dira eta beste 15 lagun zauritu dira, tartean bost polizia.

Kieveko Gobernuak terrorismoaren kontrako operazioa abiatu du Kharkov hirian eta Ukrainako Segurtasun Zerbitzuek jakinarazi dutenez, lau lagun atxilotu dituzte atentatuak prestatzen ari zirelakoan.

Anatoli Dimitriev Kharkov eskualdeko Barne delegatuak adierazi duenez "eraso terrorista" izan denaren hipotesia aztertzen ari dira.

Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak atentatuaren kontrako "erreakzio gogorra" iragarri du: "Arduradunek kontuak eman beharko dituzte".

Maidan iraultzaren urteurrena ospatzeko, Kharkov hirian egin duten manifestazioaren hasieran gertatu da erasoa.

Milaka lagunek parte hartu dute Kieven, Maidan iraultzaren garaipena ospatzeko, egindako manifestazioan

Milaka lagun kalera atera dira gaur Kieven, Maidan iraultzaren garaipenaren eta Viktor Janukovitxh presidente ohiaren kargugabetzearen lehen urteurrena ospatzeko.

"Duintasunaren martxa" deiturikoak duela urtebeteko protestetako eszenatoki nagusiak zeharkatu ditu. Manifestazioa Independentzia Plazan amaitu da eta bertan bakearen aldeko otoitza egin dute.

Manifestazio buruan, Petro Poroxenko Ukrainako presidentea eta Europako hainbat goi agintari joan dira, tartean, Joachim Gauck Alemaniako presidentea eta Donald Tusk Europako Kontseiluko presidentea. Halaber, bertan izan dira Dalia Grybauskaite Lituaniako presidentea, Bronislaw Komorowski, Poloniakoa; Nicolae Timofti, Moldaviakoa; Guiorgi Margvelashvili, Georgiako eta Andrej Kiska, Eslovakiakoa.

Ucrania, Petro Poroshenko, EFE

Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 Ukraina albisteak Errusia argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Errusia-Ukraina gerra