Mundua -

Germanwings

Fiskalak nahigabeko hilketatzat jo du Alpeetako hegazkin-istripua

Jean-Pierre Michel ikertzaile frantziarren buruak ziurtatu duenez, baliteke akats tekniko batek istripua eragin izana. Biktimen senideek eta lagunek samina errespetatzeko eskatu diete hedabideei.

Brice Robin Marsellako fiskala, bera gidatzen ari da ikerketa. Irudia: EFE
Brice Robin Marsellako fiskala, bera gidatzen ari da ikerketa. Irudia: EFE
Brice Robin Marsellako fiskala, bera gidatzen ari da ikerketa. Irudia: EFE

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brice Robin Marsellako fiskalaren arabera (bera gidatzen ari da ikerketa), Germanwingsen hegazkinaren istripua "nahigabeko hilketa" izan da, La Provencek plazaratu duenez.

"Kalifikazioa aldatzeko zorian egon ginen", esan du Robinek. Azkenean, hasierako erabakiari eutsi diote, Lubitzek izan zuen asmoagatik.

Kopilotuak "bat-batean hegazkina suntsitu nahi izan zuen". Giza hilketatzat jotzeko, "hil egin nahi zuela jakin behar izan zuen", Robinen esanetan.

Bestalde, erreskate taldeak buru eta belarri ari dira hegazkinaren bigarren kutxa beltzaren eta 150 hildakoen gorpuzkien bila, Germanwingsen A320 hegazkinak istripua izan zuen lekuan.

Bilaketa-taldeak bitan bananduta daude; batetik, ikerketan laguntzeko zantzuen bila daude hainbat kide, bereziki bigarren kutxa beltzaren bila, lehenengoak eman zituen datuak osatzeko.

Bestetik, helikopteroak biktimen gorpuzkiak Seyne-les-Alpeseraino eramaten ari dira. Bertan, ikerketa gune bat jarri dute, identifikazio lanak egin ditzan, baina hamar egun beharko dituzte lana burutzeko, gutxienez.

Gainera, gaur, larunbata, elizkizuna egin dute biktimen omenez Digne-les-Bainsen katedralean, hain zuzen, departamenduko hiriburuan.

Ez dituzte beste hipotesiak baztertu

Jean-Pierre Michel jeneral eta ikertzaile frantziarren buruak ziurtatu duenez, nahiz eta ikerketan arreta berezia jarri dioten kopilotuaren izaerari, ez dituzte baztertu gainerako hipotesiak, esaterako, hegazkinaren akats teknikoa.

"Argi dago ikerketa batean lehentasunak ezartzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa dela; ez dugu gainerako hipotesiak baztertzeko eskubiderik, baita mekanikari dagokiona ere, hegazkinak inolako arazorik ez zuela baieztatu arte", esan du.

Michel Alemaniako poliziekin elkarrekin lan egiteko misioaren buru da, Düsseldorfen, eta BFM TV katean esandakoaren arabera, oraindik ez dute gertatutakoaren xehetasun tekniko guztiek eta, topatzekotan, bigarren kutxa beltzaren analisiak "argituko du".

Senideek errespetua eskatu dute

Hegaldiko biktimen senideek eta lagunek samina errespetatzeko eskatu diete hedabideei, Luthansak eta Germanwingsek ohar baten bidez zabaldu dutenez.

Senideek eta gertukoek hedabideen presiotik askatzeko eskatu diete Luthansari eta Germanwingsi.

Hala, Lufthansak eta Germanwingsek senideek hartutako erabakia errespetatzeko eta haiekin harremanetan ez jartzeko dei egin diete hedabideei.

"Lubitz tratamendua jasotzen ari zen"

Bestalde, Lubitzen neskalaguna izan zela dioen neska batek esan du gaztea tratamendu jasotzen ari zela. Gainera, behin baino gehiagotan esan omen zion zerbait egin nahi zuela, mundu guztiak gogora zezan.

"Ezbeharra izan zela entzun nuenean, berak esandako esaldi bat etorri zitzaidan behin eta berriz burura: 'Egunen batean sistema osorik aldatzeko ezer egingo dut eta, orduan, denek ezagutuko dute nire izena, eta gogoratuko dute.' Inoiz ez nuen jakin zertaz ari zen, baina orain zentzua hartu diot", esan du neskak Bild egunkariak plazaratutako elkarrizketa batean.

Azafataren arabera (26 urte), iaz harremana izan zuen Lubitzekin, lau hilabete inguru, eta "hegaldietan pertsona atsegina eta irekia zen".

Senideen joan-etorria

Biktima talde bat istripua izan den lekura heltzekoa da gaur, edozein momentutan, Alemaniako aire-konpainiak EFEri jakinarazi dionez.

Hain zuzen, enpresaren arabera, familiarrak autobusez edo trenez helduko dira, seguruenera.

Izan ere, atzo Bartzelonara itzuli zen beste senide talde bat, Seyne-les-Alpsen izan ostean, hildakoei egindako omenaldian parte hartzeko.

Apirilaren 17an, Estatu mailako ekitaldia

Alemaniak meza eta Estatu mailako ekitaldia egingo du apirilaren 17an Koloniako katedralean, Germanwingsen hegazkineko biktimei omentzeko helburuarekin, bertoko hedabideek iragarri dutenez.

Ekitaldiotan, Angela Merkel Alemaniako kantzillerrak eta Joachim Gauck presidente alemaniarrak parte hartzea espero dute, hala nola, Frantziako eta Espainiako ordezkariak, biktimen aberrietako bestelako ordezkariez gain.

Era berean, hiritarrek ere katedraleko ekitaldian parte hartzeko aukera izango dute eta, antza denez, 12:00etan hasiko da.

Atzo bertan, Düsseldorfen, lehenengo mezak egin zituzten, baita Halternen ere, bertakoak baitziren hil ziren 16 ikasleak eta bi irakasleak.

Espainiako Gobernuak estatu hileta egiteko asmoa du Bartzelonan

Espainiako Gobernuak estatu hileta egiteko asmoa du Alpeetako hegazkin ezbeharrean hildakoen omenez. Dena den, estatu hileta hori Alemaniako Kolonia hirian apirilaren 17an egingo den ekitaldiaren ostean izango litzateke.

Gobernu iturriek berri eman dutenez, estatu hileta hori apirilaren 17aren ondoren egiteko asmoa dute.

Espainiako eta Alemaniako ekitaldiak egun ezberdinetan egin nahi dituzte bi herrialdeetako ordezkarien presentzia errazteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bartzelona Alemania argazkiak Frantzia albisteak Hegazkin istripuak gaur