Mundua -

Estatu Batuak

Homosexualen aurkako hainbat legek alarma piztu dute AEBn

Indianan, dendek sarbidea debekatu ahalko diete, eta, Kalifornian, homosexualak hiltzea legeztatzeko lege proposamen bat sustatu dute.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ez dira garai onenak homosexualen eskubideentzat Estatu Batuetan (AEB). Indianan, adibidez, dendek sarbidea debekatu ahalko diete homosexualei, "askatasun erlijiosoa"ren izenan, Mike Pence gobernadoreak joan den astean onartutako lege baten ondorioz.

Gobernadorearen esanetan, "AEBko eta Indianako konstituzioek aintzatespen sendoa egiten diote askatasun erlijiosoari, baina, gaur egun, pertsona askok uste dute Gobernuak eraso egiten diola bere askatasunari".

Larunbatean, 3.000 pertsonak manifestazioa egin zuten Indianapolisen, Indianako hiriburuan, legearen aurka protesta egiteko. Besteak beste, "gorrotorik ez gure estatuan" eta "konpon ezazue lege hura" aldarriak oihukatu zituzten.

Testuinguru honetan, hainbat pertsona ospetsu homosexualen eskubideen alde agertu dira, tartean Tim Cook Appleko kontseilari delegatua (iaz aitortu egin zuen homosexuala dela).

"Lege proiektu hauek arrazionalizatu egiten dute bidegabekeria, askok maite dugun gauza bat [askatasuna] defendatzea aitzakia hartuta. Gure nazioaren oinarrien aurkakoak dira, eta hainbat hamarkadatako aurrerapenak desegiteko potentziala dute", ohartarazi du.

Enpresaren mundutik ere kritika ugari etorri dira Indianako legearen aurka. Horren ildotik, Angie’s List konpainiak bertan behera utzi ditu estatu horretan zituen hedapen planak, eta Ed Murray Seattleko alkateak debekatu egingo du Udalaren funts publikoak Indianara joateko erabiltzea.

Homosexualen hilketak legeztatzea eta beste hainbat proposamen

Indiana tankera horretako lege bat onartu duen lehen estatua da, baina beste hainbatetan are larriagoak aztertzen ari dira.

Adibidez, Kalifornian, homosexualak hiltzea legeztatzeko lege proposamen bat sustatu du Matt McLaughlin abokatuak. Hilketa "buruan tiro eginez" edo "beste edozein modu egoki batez" egitea ezartzen du proposamenak.

Kamala Harris Kaliforniako fiskalburuak iragarri du Gorte Gorenera joko duela, lege proposamen hori geldiaraztea agindu dezan. Lortuko ez balu, estatu horretako herritarrek 2016an bozkatuko lukete, erreferendumean.

Hori gutxi ez, eta Texasen ezkontza homosexualak egiten dituzten funtzionarioei soldata eta pentsioa kentzea ahalbidetuko lukeen lege bat aztertzen ari dira.

Tankera horretako legeak 20 estatutan inguru ari dira aztertzen, eta baliteke aurrera egitea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak albisteak