Mundua -

Nazioarteko Zigor Auzitegia

Palestina Israelen kontrako lehen auziak prestatzen ari da, Hagan

"Bi auzi nagusi prestatzen ari gara, Israelek eraikitzen dituen kolono-guneen eta herri palestinarraren kontrako eguneroko erasoen inguruan", azaldu du Abasek.

Mahmud Abas
Mahmud Abas
Mahmud Abas

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mahmud Abas Palestinako presidenteak esan duenez, Agintaritza Palestinarrak Israelen kontrako salaketak aurkeztuko ditu Nazioarteko Zigor Auzitegian prest izan orduko.

"Apirilaren 1etik Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide gara, eta lehen auziak prestatzeko lanetan dihardugu. Ez dugu ezer egin nahi, lehendik ikerketa sakona egin aurretik edo alde politiko, legal, diplomatiko eta bestelakoak ikertu gabe", esan du Abasek Ria Novosti agentziak plazaratutako elkarrizketa batean.

"Bi auzi nagusi prestatzen ari gara, Israelek eraikitzen dituen kolono-guneen eta palestinarren kontrako eguneroko erasoen inguruan", azaldu du Abasek. Palestinar presidentea Vladimir Putin Errusiako presidentearekin biltzekoa da gaur Moskun.

Abasek ez du zehaztu noiz aurkeztuko dituzten salaketok Hagako Auzitegian, baina "agiriak prest daudenean" egingo dutela baieztatu du.

Palestina apirilaren 1ean izendatu zuten Hagako auzitegi horretako kide, Israelen okupazioaren kontrako borroka nazioarteko mailara eramateko asmoz, estatu palestinarra sortzeko proposamena NBEn aurkeztu eta Segurtasun Kontseiluak baztertu eta gero.

Abasek adierazi duenez, palestinarrek nazioarteko legedian oinarritutako salaketak aurkeztuko dituzte Nazioarteko Zigor Auzitegian, besteak beste, iazko udan Gazako Zerrendaren kontra egindako oldarraldi militar handia salatzeko. Guztira, 2.200 lagun hil zituzten israeldarrek; gehienak zibilak ziren, eta asko eta asko, umeak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gazako argazkiak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Israel Palestina Nazioarteko Zigor Auzitegiaren epaiak