Mundua -

Alpeetako hegazkin ezbeharra

Estatu hileta egin dute Alemanian, Germanwingseko biktimen omenez

Ekitaldian Alemaniako, Espainiako, Frantziako eta Kataluniako agintariek parte hartu dute, hala nola, Angela Merkelek, Jorge Fernandez Diazek, Alain Vidaliesek eta Joana Ortegak.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Alpeetan eroritako hegazkineko biktimak oroitu dituzte

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatu hileta egin dute gaur Alemania mendebaldeko Kolonia hirian, Germanwingseko hegazkin istripuan hildako 150 lagunen omenez. Antza denez, 4U9525 hegaldiko kopilotuak nahita amildu zuen hegazkina Frantziako Alpeetan.

Koruaren musikak eman dio hasiera Koloniako katedralean egin den zeremoniari. Guztira, 150 kandela jarri dituzte katedraleko aldare nagusian hildakoen omenez - Andreas Lubitz kopilotua barne-; izan ere, Rainer Woelki Koloniako kardinalak atzo adierazi zuenez, Jainkoari dagokio haren jokabidea epaitzea.

Rainer Woelki Koloniako kardinalak zuzendu du elizkizuna Annette Kurschus Westfaliako eliza ebangelikoko presidentearekin batera.

Elizkizuneko zati batean, egurrezko aingeruak banatuko dizkiete biktimetako baten senide den Sarahri, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroari eta Alain Vidalies Frantziako Garraio gaietarako Estatu idazkariari.

Halaber, egurrezko aingeruak banatu dizkiete Joachim Gauck Alemaniako presidenteari, Hannelore Kraft Ipar Westfaliako presidenteari eta Thomas Winkelmann Germanwingseko presidenteari.

Alemaniako buruzagi nagusiak estatu hiletan izango dira, tartean, Angela Merkel kantzilerra eta Joachim Gauck presidentea. Koloniako katedrala 1248 eta 1880 bitartean eraiki zuten eta munduko handienetakoa da.

Espainiaren izenean - bertakoak ziren biktimen herena- Jorge Fernandez Diaz Barne ministroa joango da eta Frantzia ordezkatuz, berriz, Alain Vidalies Garraio gaietarako Estatu idazkaria. Bestalde, Kataluniako Gobernuak Joana Ortega presidenteordea bidali du.

Agintariez gain, ekitaldian izango dira biktimen senideak, erreskate lanetan parte hartu zuten boluntarioak eta hegazkin konpainiako agintariak.

Bestalde, elizkizunean izan dira baita ere Carsten Spohr eta Thomas Winkelmann, hurrenez hurren, Lufthansako eta Germanwingseko presidenteak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Alemania argazkiak Hegazkin istripuak