Mundua -

Lur-astindua Nepalen

66 lagun hil eta 1.928 zauritu ditu Nepalgo lurrikarak

Richter eskalan 7,3 graduko dardarak Everest menditik gertu izan du erdigunea, eta Indian, Txinan eta Bangladeshen ere sentitu da.

Apirilaren 25eko lurrikarak txikituta utzi zuen Katmandu hiriburua. EFE
Apirilaren 25eko lurrikarak txikituta utzi zuen Katmandu hiriburua. EFE
Nepaleko lurrikarak 57 hildako utzi ditu dagoeneko

1:40

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurrak gogor astindu du gaur Nepal, apirilaren 25ean egin zuen bezala ia (7,8koa izan zen ordukoa). Richter eskalan 7,3 graduko lurrikara izan da goizean. Asiako herrialdea apirilean izandako lurrikaratik sendatzen zebilen oraindik. Azken balantze ofizialaren arabera, 8.000 lagun hil eta 17.000 zauritu ziren eta herrialdea, eta batez ere Katmandu, erabat suntsituta geratu ziren.

Biktimen inguruko datuak apurka-apurka ari dira heltzen, hondamendiaren norainokoa zehazteko oso goiz da eta. Hildakoei dagokionez, Nepalgo Gobernuak 66 direla adierazi du, Laxmi Prasad Dhakal Barne Ministerioaren bozeramaileak Reuters albiste agentziari esan dionez. Lur-astinduak Txinan eta Indian ere utzi ditu biktimak: Indian, 17 dira hildakoak eta Tibeten, bat. Zauritutakoak 1.928 dira, Dhakalen arabera.

AEBko Zerbitzu Geologikoaren (USGS, ingelesezko siglak) arabera, lurrikarak Everest menditik gertu (Namche Bazar herrian, Nepal ipar-ekialdea, Txinako mugatik gertu) izan du erdigunea, eta New Delhin (India) eta Dhakan (Bangladesh) hiriburuetan ere sentitu dute. 19 kilometroko sakoneran izan du hipozentroa (lurrazaletik gertuen jazo diren lurrikarak dira gogorrenak).

Apirilaren 25eko seismoak gogorren jotako gunea astindu du bigarren lurrikara honek, besteak beste, Dolaja eta Sindhupalchowk barrutiak (Katmandu ekialdea). USGSren arabera, beste sei erreplika izan dira 7,3ko dardararen ostean. Ordubetean, 5 eta 6,3 gradu arteko astinduak izan dira.

Nepal lurrikara (iturria: USGS)

Lurrikararen erdigunea Katmandutik 83 kilometrora kokatu da. Irudia: USGS

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako eledunak jakinarazi berri duenez, Nepalen zeuden hiru euskal herritarrekin harremanetan jarri dira; ondo daude. Baliteke, baina, herrialdean euskal herritar gehiago egotea.

Bestalde, Jose Manuel Garcia-Margallo Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak berri eman duenez, herrialdean zeuden 152 espainiarrak onik daude. adierazi duenez, "zorionez, oraingoan ez dugu nahigaberik izan".

Hain justu, Gaizka Mentxaka Nepalen dagoen UNICEFeko langileak Radio Euskadiri azaldu dionez, Nepal osoan igarri dute astindua. "Unicefen bulegoan nago, eta alarmari esker, bi segundoko abantaila izan dugu, eta parkingera jaitsi ahal izan gara, beste 300 lagunekin batera", azaldu du.

Mentxakaren hitzetan, Nepalgo herritarrek "beharrizan ugari dituzte oraindik". Beraz, lagundu nahi dutenek zer egin ahal duten galdetuta, honakoa esan du: "Joan daitezela UNICEFera, eta galdetu dezatela bertan zelan lagundu".

Audioa: Gaizka Mentxaka euskal herritarrari egindako elkarrizketa osoa:

Eraikinak suntsituta eta milaka lagun kale gorrian

"Eskura ditugun helikoptero eta erreskate talde guztiak Dolajara eta Sindhupalchowkera bidaliko ditugu laster", esan du Nepalgo Gobernuak.

Herritarrei "aire librean" egoteko eta "errepideak libre" uzteko deia eskatu die, gainera. "Ez egin telefono deirik. Mezuak erabili", erantsi du.

Gemma Gillie Save The Children erakundeko kideak BBC telebista kateari adierazi dionez, "beldurgarria" izan da. "Jendea seguru sentitzen hasia zenean heldu da beste lurrikara hau", esan du, penatuta.

Katmandu gogor astindu du lurrikarak. Errepliken beldur eta agintarien gomendioei jarraiki, milaka lagun kalera atera dira eta aurretik nahikoa kaltetuta zeuden eraikin batzuk behera etorri dira.

Nepal terremoto lurrikara herritarrak beldurra ihesean Katmandu. EFE

Errepliken beldur, aire librera jo dute Katmanduko herritarrek. Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Prentsa digitalaren azken orduko Lurrikara Nepalen Eguneko albisteak Hondamendi naturalek kaltetutakoak