Mundua -

Homosexualitatea

Ezkontza homosexualak baimentzeko erreferenduma dute gaur Irlandan

Baiezkoak irabazten badu, homosexualen arteko ezkontzak herri bozketaz baimentzen duen lehen herrialdea izango da Irlanda.

'Bai'-aren aldeko kanpaina sutsua egin dute. Argazkia: EFE
Ezkontza homosexualak legeztatzeko galdeketa Irlandan

1:16

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

08:00etatik historia egiten ari dira irlandarrak maiatzaren 22 honetan: sexu bereko lagunen arteko ezkontza baimendu edo ez bozkatzen ari dira. Baiezkoak irabazten badu (inkesten arabera, hala izango da), ezkontza homosexualak erreferendum bidez legeztatzen dituen lehen herrialdea izango da.

15 ordu dituzte hiru milioi irlandarrek botoa emateko. Euskal Herrian 23:00ak direnean itxiko dituzte hauteslekuak. RTE telebista publikoak ez du inkestarik egingo eta, beraz, bihar arte itxaron beharko da lehen datu ofizialak ezagutzeko. Erresuma Batuan inkestekin gertatu zena ikusita, mesfidati daude irlandarrak, baina itxura guztien arabera, baiezkoa izango da garaile, gehiengo zabal baten babesarekin.

Larunbat goizean ekingo diete botoak kontatzeari, eta lehen datuak eguerdirako izango dira, eta behin betiko emaitzak arratsalderako (15:00-17:00) egongo direla aurreikusi dute.

Alderdian, ezkontzak baimentzearen alde

"Sexua kontuan hartu gabe, bi lagunen arteko ezkontza legezkoa da?" galderari "bai" edo "ez" erantzun beharko diote irlandarrek. Itauna kontserbadoreek eta laboristek osatutako koalizio gobernuak erabaki du.

Gainerako alderdiek ere ekimena babestu dute. Erreferendumean erabakitakoa Konstituzioko 41. artikuluan erantsiko dute.

Lobby katolikoa

Baiezkoaren kontrako kanpaina gogorra ari dira egiten abortuaren kontrako taldeek, eskuin muturreko kideek eta oraindik oso boteretsua den Eliza Katolikoak. Horien esanetan, ezkontza homosexualek familia tradizionalaren baloreen kontra egiten dute, eta adopzio eta amatasun subrogatuaren prozesuak aldatuko dituzte.

Diarmuid Martin Dublingo artzapezpikuak ezezkoaren alde egindako azken hitzaldian, sexu bereko lagunen arteko ezkontzek edukiko dituzten "ondorioak neurtzeko" eskatu zien herritarrei. "Ezkontza gizon eta emakume baten arteko batasuna da. Gerora, aita eta ama bilakatzen dira. Hori aldatzen badugu, jende asko ez da seguru sentituko", adierazi dio RTE telebista publikoari.

2010ean Harreman Zibilen legea onartu zuten Irlandan, sexu bereko lagunen arteko ezkontzak legezko egiteko, baina horren arabera, ez dira "ezkontza" eta ez dute Konstituzioaren babesik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Homofobia munduan Irlanda LGTBI+ azken ordukoa