Mundua -

Lege-proiektua

Burqa eskola zein ospitaletan debekatu nahi dute Herbehereek

Arauak umeen gurasoak eskoletan identifikatzeko balioko duela azaldu du Barne ministroak. Araudia indarrean sartzeko Diputatuen Ganberak eta Senatuak onartu beharko dute.

Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB
Artxiboko irudia: EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eskola, ospitale, administrazio bulego eta garraio publikoan belo integrala, burqa, niqab edo aurpegi osoa estaltzen duten gainerako arropak debekatzeko legea Parlamentuari proposatu diola iragarri du gaur Herbehereetako Gobernuak.

Mark Rutte liberalak zuzentzen duen Exekutiboak hartutako erabakiaren berri eman du Ronald Plasterk Barne ministroak, ostiraleko Ministroen Kontseilua bukatu eta gero.

Legeak gurasoak haurren bila doazenean identifikazioa erraztuko du eskoletan, Plasterkek justifikatu duenez. Hala ere, araudia indarrean sartzeko Diputatuen Ganberak eta Senatuak onartu beharko dute.

405 euroko isunak

Aurpegia erabat estaltzen duten jantziak eramaten dituztenei 405 euroko isunak ezartzeko aukera aurreikusten du Rutteren Gobernuaren proposamenak. Gainera, burqak edo niqabak daramatzaten lagunei jantzia kentzeko aukera izango dute segurtasun indarrek, eta baita pertsona horiek identifikatzeko eskumena ere.

Neurria eskola, ospitale, Gobernuaren bulego eta garraio publikoetan aplikatuko lukete; izan ere, esparru horietan “Gobernuak araudiekin esku hartzeko erantzukizuna du”.

Lege-proiektu berria Gobernuko koalizioa osatzen duten liberalek eta laboristek adostu dute.

Prozeduraren arabera, Ministroen Kontseiluak lege-proiektua onartu eta gero, ekimena Estatu Kontseilura bidaliko dute, eta ondoren Parlamentuan aurkeztuko dute. Parlamentariek legea alda dezakete tramitazioan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea